19. Raimundo Sarriegui Echeverría
- Jarduera: Musikari eta musikagile
- Jaiotze-heriotza-data: 1838-1913
Raimundo Sarriegui Echeverría (1838-1913) Poyuelo kalean jaio zen (gaur egungo Fermin Kalbeton kalea), 38. zenbakian, 3. solairuan. Haurtzaroan tiplea izan zen Santa Mariako koroan, eta gerora, tenore. Francisca Goñirekin ezkondu zen, baina ez zuten seme-alabarik izan.
Sarriegui "merkataritza-artekaria" zen, baina donostiarrentzat, batez ere, bertako inspirazio poetikoa zuen musikagilea izan zen, Adrián Loyarte kronikalariak azpimarratu zuen bezala. Inspirazio hori, adimenez aberastua, tonu arin eta festazkoko konposizioetan islatzen zen, José Juan Santesteban maisuarekin izandako musika-prestakuntzaren emaitza.
Solasaldien zale amorratua, Raimundo lagunekin elkartzen zen Casa Baroja inprentan edo Sebastián José Irastorzaren farmazian bezalako lekuetan. Bilera hauetara joaten ziren, besteak beste, Serafín Baroja Meatzeetako ingeniaria, Pío Baroja idazlearen aita, izaera alaia eta euskaraz zein gaztelaniaz hitz egiteko erraztasuna zuena; edo José Manterola, Euskal Kantutegia ren egilea, Diario de San Sebastián en zuzendaria eta Euskal-Erría aldizkariaren sortzailea. Solasaldi horietan sentimenduak berreskuratu eta hizkuntza propioaren bidez adierazi nahi izaten zituzten. 1870 inguruan, bertsolariarengana jo zuten herri-bide gisa, arrakasta handiz. Formatu hau, iparraldean Lore Jokoen bidez arrakastatsua zena, Donostian ezarri zen 1879an, guztiak sortzaile gisa zituela. Aduana lekualdatzea, Isabel II.ak hondartzan lehen bainua hartzea eta hiria ixten zuen harresia eraisteko prestaketak bizi izan zituzten gazteak ziren.
Sarrieguik, herri-sentimenduekin konprometituta, 1861ean Donostiako Martxa konposatu zuen, hiriko patroiaren ereserkia, hogeita hiru urte besterik ez zituenean. Musika ezin zen danborretik ez beste instrumentu batetik etorri, jai guztien soinu-ikurra baitzen. Serafín Baroja laguna izan zen hitzak idatzi zituena.
1882an, udalak neguan ere turismoa erakartzeko lan egin zuen, Nizako inauteri-jaietan inspiratuta. Raimundo Sarrieguik Momo jainkoari eskainitako konpartsa bat sortuz erantzun zuen.
Hungariako Kaldereroen Konpartsa ren egilea ere izan zen. 1884tik aurrera, 1828ko Kandelarian, penintsula aldera bidean, Parte Zaharretik zarata handiz desfilatu zuten kalderero turkiarren etorrera gogoratzen du.
Konposizio bat behar zuen edozein sozietate edo tunak Raimundo eta bere gitarra txikiarengana jotzen zuen, beren helburuerako soinu egokia aurkituko zutelakoan.
Heriotzak Narrika kalean bere lagun Telleriak zuen farmazian solasaldi batean parte hartzen ari zela harrapatu zuen. Bere hileta jendetsua izan zen eta bertan izan ziren familia, Donostiako Orfeoiaren Zuzendaritza Batzordea, Euskal Lore Jokoen Udalbatzakoa, Artekarien Elkargoa, Easoko Zirkulua, aisialdiko sozietate herrikoiak eta errikoseme ugari. Udala ere bertan izan zen, Tabuyo alkatea buru zela, eta bere solasaldietako lagun banaezinek ere bai.
Hiltzean, Sarrieguik dohaintzak utzi zizkien hainbat erakunderi: Ongintza Etxeari haur-bandarako musika-tresnak erosteko, Matia Egoitzari, Hermanitas de los Pobres erakundeari, Asilo de Niños de San José erakundeari, Ategorrietako Lekaime Domingotarrei, Hernaniko Agustinei, Kristobaldegiko Kontzepzionistei eta Donostiako Oblatei.
Urtarrilaren 19ko gauero, Donostiako patroiaren egunaren bezperan, bere Donostiako Martxa hiri osoan zehar entzuten da.