42. Miguel Asín Palacios Panteoia
- Sustatzailea: Jaime Oliver Asín
- Jarduera: Apaiz eta Arabista
- Jaiotze-heriotza-data: 1871-1944
Miguel Asín Palacios (*1871 Zaragoza – +1944 Donostia), apaiza, hogeita hamabi urterekin Madrilgo Universidad Central unibertsitatean Arabierako Katedra lortu zuen. Bere ikerketa Erdi Aroko eta Berpizkunde garaiko filosofia, teologia eta aszetika kristauen sustrai islamikoetan zentratu zuen. Danteren Divina Commedia lanean eragin musulmanak identifikatu zituen eta sufismo islamiarraren eta XVI. mendeko Espainiako espiritualtasunaren figura nagusien arteko loturak aztertu zituen, hala nola San Juan de la Cruz eta Avilako Santa Teresa. Hasieran eztabaidatuak izan ziren bere planteamenduak, baina azkenean berretsi egin ziren, eta gaur egun oraindik ere funtsezko figura da Mendebaldean dagoen ondare islamiarraren ikerketan. Errege Akademia hauetako kide izan zen: Zientzia Moral eta Politikoetakoa (1912), Historiakoa (1924) eta Hizkuntzarena (1919), eta azken honen zuzendari izan zen 1943ko ekainaren 23tik hil arte.
XX. mendeko lehen erdian Espainiako arabista nabarmenena izan zela esan daiteke.
Gazte-gaztetatik, Donostian igarotzen zuen uda. 1936ko udan, Gerra Zibilaren hasierak hemen harrapatu zuen, eta bertan geratu zen gerra amaitu arte. 1944ko udan, gibel-gaitz batek amaitu zuen bere bizitza abuztuaren 13an, Salamanca pasealekuko 12. zenbakian zuen etxean.
San Bizente elizan egin ziren bere hileta-elizkizunetan, erlijio, politika eta kultura arloko pertsonaiak izan ziren. Rafael Lataillade alkatea bertan izan zen, Granadako alkatearen ordezkari gisa, Granada baitzen Arabiar Ikasketen Eskolaren egoitza. Bere solaskideak ere etorri ziren, besteak beste Julio Urquijo (Historiako akademikoa), Modesto López Otero (Zientzia Moral eta Politikoetakoa), eta Juan Zaragüeta apaiz, kazetari eta filosofoa. Familiari lagundu zioten, eta haien artean zegoen bere iloba eta dizipulu Jaime Oliver Asín, Espainiar Hizkuntza eta Literaturako katedraduna eta Arabiar Ikasketen Eskolaren zuzendaria, hil ondoren Historiako Akademiako kide izendatu zutena.
Familiaren tradizio arabista Dolores Oliver Pérez Asínek jarraitu zuen, Jaime Oliver Asínen alaba eta Miguel Asín Palaciosen iloba-bilobak.
Bere hil-oharrean, Kontxako Pasealekuko tamarindoen azpian paseatzen gogoratzen zuten, "jakintsu" solasaldietako lagunekin: Juan Zaragüeta, Julio Urquijo, Jenaro Carreño, Modesto López Otero eta Felipe Peña.