28. Echeverría-Lorbes panteoia
- Urtea: 1923
- Jabea: Echeverría-Lorbes
- Sustatzailea: Echeverría-Lorbes
- Arkitektoa: Eduardo Lagarde
- Exekuzioa: T. Altuna
- Estilo arkitektonikoa: Sinbolismo modernista
Sinbolismo modernista. 1923ko azaroaren 2an, El País Vasco astekariko kronikari batek honela deskribatu zuen Inocencio Echeverría jaunaren oroimenean eraikitako monumentua: "...Hortxe dago Inocencio Echeverría jaunaren oroimenean altxatu dena, amaitu gabe oraindik. Marmol zurizkoa da goitik behera. Gurutzearen erdian, Salbatzailearen aurpegia dago. Haren alboetatik igotzen da huntz sinbolikoa... Erredentzio ikurraren oinean, emakumezko irudi bat ─oinazea─ burua lurrerantz eroria duela ageri da. Ileak ezkutatzen dio aurpegia. Mausoleo hau amaitutakoan, ederrenetakoa izango da. ..."
Lagarde eskultoreak Desconsoletik hartu zuen inspirazioa, Josep Llimonak 1907an egindako lanetik; hilerriko gune isil eta intimoan atsekabe sentimendua harrapatu eta transmititzen jakin zuen.
Inocencio Antonio Echeverría Urruzola, ogibidez errentatzailea, eta Pilar Eduarda Dominica Lorbes García Okendo kaleko 16an bizi ziren, gaur egun desagertua dagoen etxebizitza batean. 1886an Inocencio Mar de Platara joan zen, han proiektatu zuen bainu-etxean erruletaren jokoa instalatzeko. Brasilen jaio ziren bi alabak, Elena eta Pilar. Donostiara itzuli zenean, 1902an José Luis semea jaio zen.
1903an, Braulio Echeverríak, Inocencioren anaiak, Okendo kaleko 16an eraberritze-lan bat egin zezan eskatu zion Luis Elizalde arkitektoari. Honek bere lan-taldera gehitu zituen, eta geroago apaintze eta ekipamendurako ere bai, hirian ezagunak ziren baina hiritik kanpo proiekzio handiagoa lortuko zuten artistak, esaterako, Gargallo Anaiak dekoratzaile eta eskultoreak. Braulio 1909an sortu zen Espainiako Papergintza Sozietateko bazkide eta sortzailea izan zen. Udal politikan ere jardun zuen, erregidore gisa, 1906-1909 bitartean.
Pilar Echeverría Lorbes (*1900 Brasil - +1994 Donostia) Juan Felipe de Ranero Rodríguez de la Viñarekin ezkondu zen; senarra, 1920tik aurrera, ibilbide diplomatikoan aritu zen, eta besteak beste, Tanger, Beirut, Atenas edo Erromako enbaxaden buru izan zen.
Familiaren etxea, Okendo 16koa, posta-txartel batean agertu zen, Easo Ederraren kutsu modernoa ezagutzera emateko tirada bat sortu baitzuten. Halaber, etxea eraberritzeko lanak garai hartako arkitektura-aldizkarietan agertu ziren, eredugarritzat hartu baitzituzten.