46. Clara Campoamor – Monsó Familia panteoia
- Urtea: 1960 inguru
- Sustatzailea: Monsó Riu, Segú familiak
- Exekuzioa: Arte Mármol González
- Eraikuntza-enpresa: Arte Mármol González
- Jarduera: Abokatu eta politikari
- Jaiotze-heriotza-data: 1888-1972
Hil-oihala duen gurutzea 30eko hamarkada erdialdean hasi zen agertzen hileta-monumentuen artean. 40ko hamarkadan izan zuen hedapen handiena, orduan monumentalak izaten zirelarik. 50eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, haien tamaina txikiagotu egin zen. Ur-ontzia edo lorontzia, hileta-apaingarri gisa, 30eko hamarkadaren amaieran eta 40ko hamarkadaren hasieran hasi zen zabaltzen gure hilerrian.
Segismundo Monsó Codó (*1913 Guardia, Lleida – +1985 Donostia), ogibidez gozogilea, 40ko hamarkada inguruan iritsi zen Donostiara eta 1946an La Golosina gozotegia ireki zuen San Martin kalean, hiriaren erdigunean.
Haren anaia Juan (+1981 Donostia) Pilar Lois Acevedorekin ezkondu zen (*1912 – +2000 Donostia), Matilde Acevedoren alabarekin (+1964 Donostia). 1910 eta 1913 artean, Clara Campoamor (*1888 Madril – +1972 Lausanne, Suitza) Donostian bizi izan zen, telegrafista gisa lan egiten zuelarik. Garai hartan Matilde Acevedo ezagutu zuen, eta adiskidetasun horren ondorioz, Pilarren ama ponteko izan zen. Adiskidetasun hark bizitza osoan iraun zuen: Pilar izan zen Clararen oinordeko.
1931ko apirilaren 14an, Errepublika aldarrikatu zen egunean, Clara Campoamor Donostian zegoen, 1930ean Jakan izandako altxamenduan parte hartu zuten ofizial errepublikazaleen defentsan abokatu gisa aritzeko.
Madrilgo La Tribuna egunkarian lan egiteak politikaren mundura hurbildu zuen. Bi printzipio nagusi defendatu zituen: errepublikazaletasuna eta emakumeen berdintasun politikoa, eta horrek zaildu egin zuen alderdi politiko jakin batean sartzea. Lehen Parlamentu Errepublikarreko diputatu gisa, funtsezkoa izan zen emakumeen boto-eskubidearen lorpenean, ezkerreko alderdien aurkakotasunari aurre eginez. Gerra Zibilak erbestera behartu zuen eta ezin izan zen Espainiara itzuli hil aurretik. Lausannen hil zen.
2011ko maiatzetik, Clara Campoamorren eskultura bat, Dora Salazarrek egina, bere izena daraman plazan dago, Vinuesa plazan, Kontxako pasealekuaren ondoan.