07. Gereka kapera

  • Urtea: 1896
  • Jabea: Ramón Antonio Guereca Beldarrain
  • Sustatzailea: Ramón Antonio Guereca Beldarrain
  • Lanen maisua: Juan Muguerza
  • Exekuzioa: Altuna, marmolista / Beirateak: Vitrolux S.A. Irun
  • Estilo arkitektonikoa: Neogotikoa
Ospetsuak
Ramón Antonio Guereca Beldarrain
  • Jarduera: Eskribau
  • Jaiotze-heriotza-data: 1829-1903

Kapera neogotikoa, oso bakuna den bertsio batean egina eta kutsu erromanikoa duten elementuekin. Santuen galeria eder bat agertzen da beruneztatutako beirategi multzo honetan.

Ramón Antonio Guereca Beldarrain (*1829 Zarautz – †1903 Donostia) Gregoria Buenechea Apaolazarekin ezkondu zen (*1840 Donostia – †1923 Donostia).

Kaperaren sortzailea 1856an iritsi zen hirira eta bi urte geroago eskribau izendatu zuten. Horrela, bere aita Ramón de Guerecaren ibilbideari jarraitu zion, zeina Probintziako Aldundiko idazkaria izan zen 1840 eta 50eko hamarkadetan. Erakunde horretan nabarmendu zen euskara erakunde-esparruetatik zabaltzeko zuen kezkagatik.

Harresiak eraitsi eta hiria zabaldu ondoren etorri ziren hirigintza-operazioetan parte hartu zuen. 1885ean Udalarekin harremanetan jarri zen, Amaran zituen lursail batzuk utz zitzan kartzela bat eraikitzeko. 1882an, Guereca Buenechea familiaren egoitza Gipuzkoa Plazako 4.ean zegoen. Han ageri da Marcial anaia ere, eta lagundu egin zion "La Deliciosa" gozotegi ospetsua sortzen. Ramón Antonio 1903an hil zenean, Miramar 2an bizi ziren.

Modesta alaba Wenceslao Aguirrebengoa Usabiaga (*1868/9 Donostia – †1937 Donostia) ingeniariarekin ezkondu zen. Bere lan-ibilbidean nabarmentzen da Tabako Fabrikaren eraikina eraiki zuela ingeniari-buru gisa, eta hango zuzendari izatera iritsi zela. Hurrengo belaunaldian, bi ingeniari-familia elkartu ziren: María Aguirrebengoa Guereca Peironcely leinuko kide batekin ezkondu zen, Ramón Peironcely y Puig de la Bellacasarekin. Haren aitona, Manuel Peironcely, egungo Igeldoko itsasargiaren egilea, ingeniarien leinu baten hastapena izan zen; leinu hori gaur egunera arte iritsi da, Ramón Peironcely Aguirrebengoaren bitartez (*1929 – †2017). Haren lan profesionala lotuta egon zen, besteak beste, bi enpresa gipuzkoar handirekin: Victorio Luzuriaga eta Ramón Vizcaíno. 1962tik 1964ra Turismoko zinegotzia izan zen eta Kultur eta Turismo Ekintzetxeko (KTE) presidenteordea 1977ra arte. Postu horietatik sortu zituen Su Artifizialen Nazioarteko Jaialdia eta Jazzaldia, eta oraindik ere Donostian, jendea gogoz egoten da haien zain. Proposamen interesgarri bat zuen: suak badian kokatutako plataforma batetik botatzea, eta zioen Bilbok Donostiako hondartzak eskaintzen duen paraje ederra izango balu, dagoeneko egina izango zukeela. Urrezko Danborra entregatzea ere proposatu zuen 1967an. "R. Peironcely etorbidea", horrela deitu dio Santa Klara Uharteko Lagunen Elkarteak kai txikitik farora doan ibilbideari. Elkarte hori urte berean sortu zen eta Ramon izan zen lehen presidentea.

Ramón Antonio de Guereca Beldarrainek 1902an gidatutako ekimen batek saihestu zuen etorkizuneko Maria Cristina Hotela egungo Cervantes plazan eraikitzea. Proiektu horrek Miramar kalean zuen familia-egoitzari itsasorako bistak kenduko zizkion. Ramón Peironcely Puig de la Bellacasa, bere arrebaren bitartez, Pedro Muguruza arkitektoaren koinatua zen; hura izan zen Erorien Haranaren egilea, eta gugandik hurbilago dauden Zubieta kaleko 34. etxearena eta Urgull mendiaren gainean dagoen Jesusen Bihotzaren zati arkitektonikoarena ere bai.

Beste bisita gune batzuk