27. José María Usandizaga Panteoia
- Urtea: 1916
- Jabea: Carlos Usandizaga Carril
- Sustatzailea: Carlos Usandizaga Carril
- Arkitektoa: Francisco Urcola
- Exekuzioa: Altuna, marmolista
- Jarduera: Musikagilea
- Jaiotze-heriotza-data: 1887-1915
Sezesioa. Elementu bakar batek ere ez digu heriotzaz hitz egiten. Artistaren loria hilezkorrari egindako monumentua da, heliotropo birakarian irudikatua, famaren aurrean beti irekita dagoena. Fama hori dominan edo koroak osatzen dituzten haritz eta erramu hostoetan agertzen da.
José María Usandizaga, *1887 Donostia +1915 Donostia.
XIX. mendetik jaso dugun paradoxetako bat tuberkulosia gaixotasun erromantiko gisa ikustea da. Gaur egun oraindik erakartzen gaitu sendabiderik gabeko gaitzak jotako idazle edo musikagilearen irudiak, gazte-gazte hil eta lan ederrenak utzi zituenarenak. Molière, Bécquer, Chopin, Brontë ahizpak, Paganini edo Kafka zerrenda horretako kide dira. Baita gaixotasuna jasan ez arren, literatura-gai bihurtu zutenak ere, Dumasen Kameliazko Dama bezala, Verdik La Traviata operan musikatu zuena.
Gaixotasun hau hezur eta artikulazioetan kokatu zitzaion oraindik haurra zenean, hatzetako falangeak kaltetuz. Horrek pianoa jotzea zaildu zion Pariseko Schola Cantorum-en ikasten ari zenean. Egoera honek musika-konposizioan zentratzera eraman zuen, dagoeneko
talentu handia erakutsia zuen alorrean. Pianojole gisa zuen etorkizun oparoa 18 urterekin eten zen, Pariseko zentro ospetsua utzi behar izan zuenean.
1906an itzuli zenean, Euskal Jaien prestaketekin egin zuen topo. Ospakizun hauek ordezkatzen zuten guztia amaren aldeko familiak transmititu zion, beti babes sutsua eman baitzion. Nicolás de Soraluce aitonak, politikari eta historialariak, Gipuzkoako historia eta Foruak ikertu zituen; eta Cándido de Soraluce osabak, musikariak, Iriyarena -n (1878) parte hartu zuen, euskal folklorea txertatuz. Osasun arazoengatik, Usandizaga gazteak denboraldi luzeak eman zituen ingurune horietan atseden hartzen, gero bere musika-konposizioetan islatuko zituenak. Musika-arloko beste genero batzuk ere landu zituen.
Bere bi lan handiak Mendi-Mendiyan (1910), euskal baserri-giroan kokatutako maitasun-istorio tragikoa, eta Las Golondrinas (1914) dira, eszenatokian barre eragiten duen bitartean bizitza errealean sufritzen duen pailazoaren gaia jorratzen duena.
Bere anaia Ramón Usandizagak (*1889 – +1964, Donostia), musikaria hau ere, José Maríak amaitu gabe utzi zuen La Llama obra bukatu zuen.
Llimona eskultoreak bere omenezko monumentua egin zuen, Gipuzkoa Plazan kokatua. Hala ere, donostiarrek ez zuten ondo hartu, haren irudi atletikoak ez baitzuen islatzen gogoratzen zuten irudi maitagarri baina ahul eta gaixotia.