Breadcrumb
Eduki publikatzailea
Etxeko konpostajea sustatzeko kanpaina, Miramonen eta Aieten
Etxez etxeko formakuntza eta materialaren banaketa
Ingurumen Sailak kanpaina bat martxan jarri berri du, lurzorua duten etxebizitzetan konpostajea sustatzeko.
Prebentzioa da hondakinen arazoari aurre egiteko funtsezko estrategia, eta, gure zabor poltsaren % 50 izan daitekeen biohondakinari dagokionez, bertan egindako konpostajea irtenbide ona da.
Kanpaina hau hondakinen gaian jakitun diren teknikarien bidez egingo da. Teknikari horiek lurzorua duten Miramon-Zorroaga eta Aieteko etxebizitza guztietara hurbilduko dira.
Biohondakinarekin konpostajea egin nahi duten herritarrek une oro jaso dezakete beharrezkoa den materiala, hiriko garbigune batean. Baina kanpaina honetan parte hartuz gero, abantaila batzuk izango dituzte: jasoko duten material-kita osoagoa izango da eta, gainera, etxean jasoko dituzte bai materiala bai formakuntza.
Udalak etxe-konpostaren erregistro bat dauka eta bertan 773 etxebizitza dira izena emandakoak, gaur egun. Etxebizitza horiek, baratze edo lorategirako ongarria lortzeaz gain, bi urtean behin bisita bat jasotzen dute, aholkularitza teknikoa eskura dute beti eta ordenantza fiskalek aurreikusten duten hobaria jasotzen dute.
Kanpaina honi onura atera nahi dioten beste auzoetako etxebizitzek egin dezakete eskaera telefono zein helbide elektroniko hauen bidez: 943 483390 eta ingurumena@donostia.eus