Udalak 6,7 milioi euroko konpromiso-kredituak handitu ditu
Hiriko obrek eragindako eremuei kalitatezko errematea emateko
2026/09/08 argitaratua
Udal Gobernuak ostiral honetako, irailak 11ko, ezohiko Osoko Bilkurari proposatuko dio 6,7 milioiko konpromiso-kredituak sortzea eta handitzea, hiri-kalitateko errematea emateko azken urteetako obrek eragindako eremuei:
- Topoa
- Atotxako geltokia
- autobus-geltokia
2026. urtearen erdia igarota, 2027-2029 urteetako aurrekontu-ekitaldietan zenbait behar antzeman dira, baina 2026ko aurrekontua egiterakoan ez ziren aurreikusi. Horregatik, Jon Insausti alkateak adierazi duenez, 'etorkizunari anbizioz begiratzen diogu, eta hemendik aurrera dagokigu etorkizuneko lehentasunak finkatzea, donostiarren bizi-kalitatean eragina duten proiektuetan minutu bakar bat ere ez galtzeko'.
Hitzarmenak ETSrekin
Udalak proposatu du partida bat sortzea, ETSrekin hitzarmen batean islatuko dena, Topoaren plaza deiturikoak (Loiola San Martin, Zaragoza plaza, Pio Baroja irteera, Paternina plaza eta Morlans, Anoeta) berrurbanizatzeko. Partida hori 3,2 milioi eurokoa izango da 2027rako, eta 1,8 milioikoa 2028rako.
Ez da hitzarmen bakarra izango ETSrekin, bi erakundeek beste lankidetza batean ekingo baitiete autobus-geltokia aireztatzeko obrei, bai eta oinezkoentzako sarbidea tren-geltokiaren goiko aldera egokitzeko jarduketei ere. Udalak 415.055 euroko partida sortuko du horretarako.
Bestalde, ADIFek eta Donostiako Udalak komenigarritzat jotzen dute, eraginkortasun- eta aukera-arrazoiengatik, Atotxako geltokirako sarbideak hobetzen eta geltoki horren estalkia urbanizatzeko II. fasea (Tabakalerako plaza) gauzatzen laguntzea. Hori dela eta, bi administrazioek lankidetza-hitzarmen bat sinatzea erabaki dute. Horretarako, Udalak 217.800 euroko konpromiso-kredituak onartuko ditu 2027rako eta 193.600 eurokoak 2028rako.