Amara eta Ospitaleen arteko oinezkoen bide lotura hobetzeko lanak hastear

Begiristain Doktorearen pasealekuaren oinezkoen ibilbidea berritzeko eta hobetzeko aurreikusitako lau faseetatik lehena hasiko da aste honetan

2026/09/07 argitaratua

Donostiako Udalak Begiristain Doktorearen pasealekua hobetzeko hirigintza-lanei ekingo die aste honetan, Illunberen eta ospitale-aldearen artean. Lanen helburua da Amara auzotik ospitaleetara, eta alderantziz, joateko dagoen oinezkoen ibilbidearen baldintzak hobetzea. Lotura hori gero eta gehiago erabiltzen dute oinezkoek, eta egunero ematen die zerbitzua inguruko ekipamenduetako paziente, langile eta erabiltzaileei.

Lan guztiak lau fasetan egingo dira. Lehenengo fasea astearte honetan hasiko da, eta bi toki hauen artean dagoen tartean egingo da: Tolosa jatetxearen (Begiristain Doktorearen pasealekua, 88) eta Donostia Ospitaleko Larrialdietarako sarbidearen parean dagoen oinezkoen lehen pasabidearen artean. Gutxi gorabehera, 200 metroko luzera du, eta 440 metro koadrotik gorako azalera.

Lehendik dagoen zoladura, Miranda legarrarekin in situ egina, gaur egun hondatu samar dago, urte asko igaro direlako. Horregatik, erabat kenduko da, espaloi berri bat egiteko, kontserbazio, segurtasun eta erosotasun baldintza hobeak izango dituena, toki horretatik igarotzen direnentzat.

Argiteria-sarea eta galtzadaren zintarria ere berrituko dira. Ondoren, hormigoizko lauza berri bat jarriko da, eta horren gainean San Sebastián modeloko baldosak jarriko dira, hiriko beste toki batzuetan erabilitako irizpideei jarraipena emanez.

Lehenengo jarduketa honetarako aurreikusitako epea bi hilabetekoa da, eta Udalak 54.789,55 euro inbertituko ditu, BEZ barne. Bigarren fasea Begiristain doktorearen kaleko 88. zenbakiaren eta gasolindegiaren arteko tartean egingo da; hirugarrena, berriz, gasolindegitik Illunbe pareraino. Biak eskuinaldean, goranzko noranzkoan. Azkenik, laugarren fasea Txiskuene jatetxearen eta gasolindegiaren arteko oinezkoen ezkerreko tartean zentratuko da.

Lanek iraun bitartean, trafikoan izango dute eragina

Esku-hartzearen ezaugarriak direla eta, eta lanak segurtasunez egiteko tokia behar denez, Ospitaleetara igotzeko erraietako batek erasana jasango du obrek irauten duten bitartean. 

Udalak erasanak seinaleztatuko ditu, eta behar diren neurriak hartuko, ahal dela lanen garapena eta inguruko ohiko zirkulazioa bateragarri egiteko.