Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Errepresioa jasan duten udal langileak



Errepresioa jasan duten langileen argazkiak
Donostiako Udalak gerran zehar errepresaliatutako udal langileei omenaldia egin zien 2013an. Guztira 1623 langile dira erregimen frankistak ezarritako neurri latzak zuzenean pairatu zituztenak: bai espediente irekitzea, bai espetxe-zigorra, bai heriotza-zigorra. Guztira 11 pertsona fusilatu zituzten beren ideiengatik.

Juan Karlos Izagirre alkatea buru zela, udaleko talde politiko guztiek hartu zuten parte, eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren zuzendari Marina Bidasorok eta Aranzadi Zientzia Elkartearen hainbat kidek ere. Azken elkarte horrek osatu du biktimen errolda, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Udaleko ordezkariek diploma bana entregatu zien langile horien guztien senideei. Udalbatza aretoaren sarreran horiek omentzeko plaka bat jarri zen. Ekitaldi hartan Donostiako Udalean errepresaliatutako langileei buruz liburua ere aurkeztu zuen.

Gainera, Udalak 1936-1940 urte artean errepresaliatutako udal funtzionarioen espedienteak baliogabetzea erabaki zuen.


Errepresaliatutako udal funtzionarioen espedienteak baliogabetzea


1936-1940 bitartean, Udal Artxiboan kontsultaturikoaren arabera, 1.623 uzte eta garbiketa espediente izan ziren (817 lanpostua abandonatzeagatiko espediente eta 806 garbiketa espediente). Udalak badu konpromiso moral bat: “Justiziarik gabe zigortu edo arrazoi politiko eta ideologikoengatik jazarpena jasan zuten udal langile guztiekiko, eta aitorpena zor diegu, askatasuna defendatu izanagatik”. Horregatik guztiagatik, eta 1936ko irailetik 1940ra arrazoi politiko edo ideologiko baten edo bestearengatik “justiziarik eza eta laidoak zuzenean jasan zituzten pertsonak ohoratu eta behin betiko berreskuratzeko”, Donostiako Udalak 1936-40 urte artean errepresaliatutako udal funtzionarioen espedienteak baliogabetzea erabaki zuen.

Ebazpena

Errepresaliatutako udal funtzionarioen zerrenda


'Donostiako udalean errepresaliatutako langileei buruz' kartela

Argitalpena: 1936-1940 Donostiako udalean errepresaliatutako langileei buruz


Ekitaldi hartan Aranzadi Zientzia Elkarteak Udalaren eskaeraren ondorioz prestaturiko Donostiako Udalean errepresaliatutako langileei buruz liburua ere aurkeztu zuen. Aipatu liburuaren helburua da urte haietan Donostiako Udaleko hainbat langilek jasandako egoera ikertu “eta egia aditzera ematea, denon oroimenari atxikitzeko asmoz”.

Informazio gehiago