Udalak irisgarritasuna hobetuko du Aieteko Gurutze Aldeko sei ataritan
Egungo eskailerak kendu eta oinezkoentzako arrapalak jarriko dira, baita inguruko argiztapena eta segurtasuna hobetu ere
2026/10/23 argitaratua
Donostiako Udalak, Mantentze eta Hiri Zerbitzuen Departamentuaren bitartez, oinezkoentzako irisgarritasuna hobetzeko beste jarduketa bati ekingo dio Aieteko Gurutze Alde etxetaldean, zehazki, 11. eta 16. atarien inguruan.
Esku-hartzeak 145.879,70 euroko inbertsioa izango du, BEZa barne. Eraikinetara sartzeko egungo eskailerak kendu eta oinezkoentzako arrapala-sistema bat jarriko da, mugikortasun urriko pertsonei, adinekoei eta haur-kotxeekin dabiltzan familiei joan-etorriak errazteko.
Bi fasetan egingo dira lanak
Lanak bi fasetan egingo dira, bata bestearen atzetik, gauzatzea errazteko eta auzokideei eragindako kalteak ahalik eta gehien murrizteko.
Lehenengo fasea
11., 12., 13. eta 14. atarietarako irisgarritasuna hobetuko da. Horretarako, 12. eta 13. blokeen artean dauden eskailerak kenduko dira, eta beheko espaloia goiko atondoarekin lotuko duen arrapala nagusi bat eraikiko da, % 8ko maldarekin. Puntu horretatik abiatuta, lorategi-eremuan barrena beste bi arrapala egingo dira: bata 11. eta 12. atarietara iristeko, eta bestea 13. eta 14. atarietara sartzeko.
Jarduketak hormigoi armatuzko egiturak eraikitzea, Donostiako motako baldosa hexagonalekin zoladura jartzea eta alboetako baranda berriak instalatzea aurreikusten du. Gainera, obrek eragindako argiteria-hodiak berrituko dira, eta luminaria berri bat jarriko da 12. eta 13. blokeen arteko arrapala nagusian, inguruko argiztapena eta segurtasuna hobetzeko. Hobekuntza hori auzotarrek helarazitako eskaera nagusietako bati ere erantzuteko egingo da. Era berean, lorategietako eremuetako drainatzea hobetuko da, eta obrek eragindako espaloiko zoladura berrituko da.
Bigarren fasea
15. eta 16. atarietarako irisgarritasuna hobetuko da. 14. eta 15. blokeen artean dauden eskailerak kenduko dira, eta 15. eta 16. zenbakietara iristeko oinezkoentzako arrapala berri bat eraikiko da. Bigarren jarduketa hori txikiagoa izango da, eta baranda berriak eta luminaria bat ere izango ditu, joan-etorriak seguruagoak eta erosoagoak izan daitezen.
Obrak hilaren amaieran hasiko dira
Lanen bi faseetan, Udalak obrek eragindako bizilagunei etxebizitzetara iristeko erabili beharko dituzten ordezko ibilbideen berri emango die. Lanak urriaren amaieran hasiko dira, gutxi gorabehera lau hilabeteko iraupena izango dute, eta 2027ko lehen hiruhilekoan amaitzea aurreikusten da.
Iñigo García Villanueva Mantentze eta Hiri Zerbitzuetako zinegotziak adierazi duenez, «gure helburua da pertsona guztiek beren etxebizitzara modu autonomoan eta seguruan iritsi ahal izatea, adina edo mugikortasun-baldintzak edozein direla ere. Ezin dugu onartu eskailerek gure bizilagunen eguneroko bizitzan oztopo izaten jarraitzea».
Halaber, azpimarratu duenez, «jarduketa honen bidez irisgarritasuna hobetzeaz gain, auzoko beste behar batzuei ere erantzungo diegu, hala nola sarbideetako argiztapena hobetzeari eta oinezkoentzako espazioak berritzeari».