Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Oberan mendian espezie inbaditzaileak kentzeko kanpaina

Bertako basoa indartzeko lanetan

Aurreko urteetan bezala, Donostiako Udalak uda honetan ere kendu egin ditu Oberan mendiko jarduera eremuan atzemandako espezie inbaditzaileak. 2021ean eta 2022an, basoko espezie autoktonoekin landaketak egin ziren, mendiko 19 hektarea ingurutan, baso-espezie exotikoak zituzten aurreko bi basoberritze ordezkatzeko.

Bertako zuhaitz espezieak baino azkarrago hazten direnez, hainbat landare espezie inbaditzailek bete zituzten jarduera eremuak, eta, beraz, kendu egin behar izan dira, haien hedapena geldiarazteko. 

Abuztuan egindako lanetan, batez ere, fitolaka (Phytolacca americana) aleak atera dira errotik, baina baita budleiak (Buddleja davidii) eta Panpa lezkak (Cortaderia selloana) ere. Lan guztiak prozedura eta erreminta mekaniko hutsak erabiliz egin dira, inolaz ere produktu kimikoak erabilita.

Gainera, Lawson altzifrearen eta Ameriketako haritzaren ale berriak ere kendu dira, jatorrizko basoberritzeetatik datozenak, eta Ameriketako haritzaren motzondoetan hazitako kimuak moztu dira.

Bertako hariztiaren birsorkuntza

Eremuaren bilakaerari dagokionez, egiaztatu da bertako haritza (Quercus robur), espezie potentzial nagusia, berez sortzen dela beste espezie batzuekin batera, hala nola urkia (Betula pendula).

Oberan mendia Aiako Harria Parke Naturalaren barruan dago, Europako Natura 2000 Sarearen parte den Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) baten barruan. Beraz, ingurune horretako baso autoktonoa hedatzea eta kontserbatzea lehentasunezko jardueratzat jotzen du Udalak.

Informazio gehiago

2025/10/06an argitaratutako albistea

Ekimen hau Europar Batasunaren LIFE programak finantzatutako LIFE Urban Klima 2050 proiektuaren C4.2. ekintzaren barruan kokatzen da: Hiri- eta Landa-eremuen arteko lotura eta lurraldearen erresilientzia hobetzeko funtsezko azpiegitura berdea.