Breadcrumb

Eduki publikatzailea

NO2 mailek nabarmen egin dute behera erdialdean isuri gutxiko eremua ezarri zenetik

%31ko jaitsiera 2021-2024 aldiarekiko

Gas horren datuak Easoko Eusko Jaurlaritzaren airearen kalitatea kontrolatzeko estazioan aztertu dira, isuri gutxiko eremua (IGE) indarrean jarri aurretik eta ondoren. Azterketa horren arabera, beherakada handia izan da

 

Easokoa da IGEaren barruan dagoen trafiko estazio bakarra, eta airearen kalitatearen bilakaera neurtzeko erreferente nagusia da.

 

Analisirako kontuan hartu diren kutsatzaileak nitrogeno dioxidoa (NO2) eta partikulak (PM10 eta PM2,5) izan dira, hiri-inguruneetan gizakien osasunerako kutsatzaile kaltegarrienak direlako eta lehenengo biek ibilgailuen trafikoarekin duten zuzeneko harremanagatik.

 

​​​​

Nitrogeno dioxidoa

 

Urtarrilaren 1etik abuztuaren 31ra erregistratutako datuak aztertu ondoren, ikusi da kutsatzaile horrek 3,93 µg/m³ (-%19) egin duela behera aurreko urteko aldi berarekin alderatuta (2024), eta 7,33 µg/m³ (-%31), 2021-2024 aldiko batez bestekoarekin alderatuta.

 

 


 

1go Grafikoa. Hileko NO2 batezbestekoak 2024an, 2025ean eta 2021-2024 aldian.

 

Jaitsiera nabarmenak dira, eta Zuzentarau berriaren urteko muga aurten bete daitekeela adierazten dute. Muga hori 2030erako 20 µg/m³-koa da.

 

 

2. Grafikoa. Urteko NO2 batezbestekoak 2024an, 2025ean eta 2021-2024 aldian.

 


Eusko Jaurlaritzaren airearen kalitatearen sareko hiriko gainerako trafiko estazioetan, batez bestekoak mantendu egin ziren, Ategorrietan bezala, edo igoera bat izan zuten, Avda. Tolosan (+ 1,21 µg/m³) bezala.

 

Gainera, datu horiei gehitu behar zaie 2025ean ez dela gainditu zuzentarau berrian ezarritako eguneko muga (50 µg/m³-ko batezbestekoa); aldiz, 2024an gainditze bat eman zen, eta, 2021-2024 artean, 6 gainditze gertatu ziren batez beste.

 

 

 

Partikula esekiak

 

Partikulei dagokienez, 2021-2024 aldiarekiko beheranzko joera ikusten da, bai batezbestekoetarako, bai eguneko datuetarako, baina nitrogeno dioxidoarentzat baino txikiagoa.

 

Partikulak, NO2-arekin ez bezala, ibilgailuen trafikotik haragoko iturri kopuru handiago batetik sor daitezke, eta, beraz, partikulen mailak ez daude ia faktore horren mende bakarrik.

 

Horrela, 10 mikra baino diametro txikiagoko partikulen (PM10) urteko batezbestekoa, pixka bat handitu zen 2024tik 2025era bitartean, 0,43 µg/m³, eta 1,61 µg/m³ jaitsi zen 2021-2024ko batezbestekoarekin alderatuta.

 

Aurreko urtearekiko igoera txiki hori gorabehera, partikula mota horrek beheranzko joera izan du azken urteetan.

 

Gainera, hiriko trafikoko gainerako estazioetan ere batezbestekoek gora egin zuten aurreko urtearen aldean, 0,66 µg/m³ Ategorrietan, eta 0,89 µg/m³ Avda Tolosan. Hala, Easoko estazioak izan zuen hazkunderik txikiena aurreko urtearekin alderatuta.

 

Halaber, 2025ean eguneko gainditzeen kopuruak ere behera egin zuen, hau da, 6tik 0ra, 2021-2024 aldiarekin alderatuta.

 

Partikula finenen (PM2,5) urteko batezbestekoa, 0,74 µg/m³ handitu zen 2024tik 2025era bitartean, eta 0,94 µg/m³ jaitsi 2021-2024ko batezbestekoarekin alderatuta.

 

Aurreko urtearekiko igoera txiki hori gorabehera, partikula mota horrek beheranzko joera izan du azken urteetan.

 

Azterketa egiterakoan, kontuan izan behar da Estatuko Meteorologia Agentziak (AEMET), ikuspuntu meteorologikotik, NO2-aren eta partikulen sakabanaketarako oso aldeko gisa deskribatu zuela 2024ko negua, eta, oro har, urte horretan hauts gutxiago sartu zela Afrikatik.

 

Azkenik, azpimarratu behar da datu horiek behin-behinekoak direla eta urte osoa aztertu behar dela emaitza adierazgarriagoak lortu ahal izateko.