Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Landare inbaditzaileak eta hondakinak kendu dira Altzako erreketan

Helburua da ibai habitatak berreskuratzea

Gero eta ohikoagoa da espezie inbaditzaile desberdinetako landare orbanak ikustea Donostiako udalerrian. Horien presentziak espezie autoktonoak desagertzea dakar, habitatak txirotuz, biodibertsitatea murriztuz eta ekosistemaren funtzionamendua aldatuz. Era berean, ohikoa da ibarretan eta erreketan legez kanpo isuritako hondakinak detektatzea, eta horrek kalte larria egiten dio ekosistema hauskor horien kontserbazioari.

Egoera horren aurrean, Donostiako Udaleko Ingurumen Osasun eta Jasangarritasun Zerbitzua, ibai ekosistemak lehengoratzeko eta espezie autoktonoak babesteko, 2024an hasi zen detektatutako landare inbaditzaileak ezabatzen eta Altza auzoko Larratxo, Aduritz, Akular, Artzak eta Juanatxoene erreken ertzetan isuritako hondakinak kentzen, eta dagozkien ibai habitatak berreskuratzen.

2024 eta 2025eko ekintzak

Hala, 2024ko azarotik 2025eko apirilera bitartean, erreken ertzetan ikusi ziren Tradescantia fluminensis, Fallopia japonica eta Buddleja davidii espezie inbaditzaileetako landareak kendu dira. Guztira, 5.940 kg landare inbaditzaile kendu dira, 1.380 m²-ko azalerakoak. Gainera, lizarrak (Fraxinus) eta hurritzak (Corylus avellana) landatu dira Larratxo errekaren inguruan.

Bestalde, legez kanpo isuritako 66,6 m³ hondakin kendu dira guztira, gehienak tamaina handikoak, eta batez ere Artzak, Aduritz eta Larratxo erreketatik.

2025ean lan horiekin jarraitu nahi dugu, ahalik eta landare inbaditzaile gehien ezabatzeko, erreketan detektatzen diren hondakinak biltzeko eta ibai habitatetako landaredi autoktonoa berreskuratzeko.

                                                                                                                                                                                      2025/05/13an argitaratutako albistea

Proiektua Altzako Hiri Berroneratze Integraleko Planaren esparruan dago. Plan hori Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren Inbertsio Estrategikoen Erakunde arteko 2022-2024 Planak (IEEP) finantzatzen du, Donostiako Sustapenaren, Etxegintzaren eta Ingurumen, Hiri Mantentze eta Proiektu eta Obra Sailen bidez.