Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Ibai sistemaren konektibitatea hobetu da Artikutzan

Egindako arrain faunaren ikerketek erakusten dutenez

2017 eta 2025 bitartean, Donostiako Udalak arrain-komunitatearen lau jarraipen-kanpaina egin ditu Artikutza eta Enobieta erreketan, presa hustuketaren ondorioak jarraitzeko. Kanpainak arrantza elektrikoaren bidez eta aleak harrapatuz egin dira, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak beren ibaietako arrain-faunaren eta, bereziki, amuarrain eta izokinen jarraipenean erabilitako metodologia aplikatuta. 

Harrapaketak presa nagusitik ibaian gora eta ibaian behera dauden lau estaziotan egin dira, hustuketaren ondoren agertu eta desagerrarazi zen presa txiki baten ondoko estazio bat barne. Azken laginketetan ezkailuak (Phoxinus bigerri) eta amuarrain arruntak (Salmo trutta) harrapatu dira, Europako ibai-karramarro gutxi batzuekin batera (Austropotamobius pallipes). 

Harrapaketen emaitzak

Emaitzek erakusten dutenez, lehen laginketetan goiko aldean bakarrik agertzen ziren ezkailu eta karramarroek presatik behera dagoen eremua okupatu dute, eta ez dira goiko aldean agertzen. Aldiz, amuarrain arruntak estazio guztiak hartzen ditu orain, dentsitate altuetan. 

Lehen, urtegian gora eta behera isolatuta zeuden amuarrain komunitateko bi nukleoak lotuta daude orain. Hala, goiko baso-tartean jaiotako ale gazteek ibai-sistema osoa koloniza dezakete orain, eta helduak, lehen tarte horretara iritsi ezin zirenek, ibaian gora igo eta ugaldu egin daitezke.

Beraz, isolatuta zeuden bi nukleo batu dira, eta horrek aldaketa nabarmena ekarri du amuarrainaren populazio-dinamikan Artikutza-Enobieta sisteman, berriro ere funtzionamendu naturalera itzulita

Konklusioa

Laburbilduz, Enobietako urtegian lehengoratze-lanak hasi aurretik eta ondoren arrain-komunitateari buruz egindako azterketak emaitza onak izan ditu, eta frogatu du arrain-komunitatea egoera onean dagoela eta urtegian sortutako emari eta sedimentuetan izandako aldaketek ez dutela kalterik eragin. 

Beraz, Enobietako urtegia lehengoratzeko lanak urrats garrantzitsuak dira ibaien osasuna eta funtzio hidrologiko, ekologiko eta faunistikoak lehengoratzeko. Lan horiei lotutako jarraipenek informazio baliotsua biltzen dute lehengoratze-prozesua eta bilakaera naturala etorkizuneko hainbat kasutan aztertzeko, ezagutzeko eta aplikatzeko.

2025/11/14an argitaratuta