Breadcrumb
Eduki publikatzailea
Donostiako euri-uren eta erreken ingurumen-kudeaketa jasangarriaren proiektua
200 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute bisita gidatuetan

Azaroan eta abenduan bisita gidatuak antolatu dira ibai-ekosistemak birnaturalizatzeko eta uholde-arriskua minimizatzeko obrak egiten ari diren eremuetara, Donostiako Euri-uren eta erreken Ingurumen-kudeaketa jasangarria (PluSSS) proiektuaren esparruan. Morlans, Ibaeta eta Miramon auzoetan egindako bisitak batez ere eskola-publikoarengana eta lanbide-heziketako eta unibertsitateko ikasleengana zuzendu dira.
Morlans auzoko Santa Teresa erreka
Morlans auzoan antolatutako bisitetan, alde batetik, Easo Politeknikoko hezkuntza eta ingurumen-kontroleko erdi eta goi mailako 20 ikaslek parte hartu dute, 4 irakaslerekin batera, eta, bestetik, Amara Berriko 153 pertsonak Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleen eta irakasleen artean. Bisiten helburua izan da Donostiako Udalak 2024ko apirilean egin zuen Santa Teresa errekastoaren zatia birnaturalizatzeko proiektua ezagutzea, bai eta ibai-habitataren ingurumena azkar lehengoratu dela egiaztatzea ere. Ingurumen-hezkuntzan espezializatutako enpresa batek dinamizatu ditu bisitak, eta bisitaren edukia, iraupena eta dinamika xede-publiko bakoitzera egokitu dira.
Ibaetako hezegunea eta Miramongo Altzaerreka eta Pakea errekak
EHUko Ingeniaritza Eskolako ikasleei dagokienez, Ibaeta eta Miramon auzoetako proiektuak ezagutzeko aukera izan dute. Alde batetik, 21 ikaslek eta 3 irakaslek bertatik bertara ezagutu dute CIC Nanogune eraikinaren atzean dagoen Ibaetako hezegunea eta haltzadia lehengoratzeko proiektua. Bisitan, Biodibertsitate eta Ingurumen Kalitatearen Ataleko udal langileek eta proiektua idatzi zuen ingeniaritzak azaldu dituzte aurtengo abenduan hasiko den obraren xehetasunak. Bisitan zehar, aplikatuko diren ingeniaritza biologikoko teknikak ezagutu ahal izan dituzte ikasleek, bai eta naturan oinarritutako irtenbideak aplikatuz lan egitearen abantailak ere, klima-aldaketaren aurrean hiri erresilienteak eraikitzeko.
Bestalde, 12 ikaslek eta irakasle batek Miramongo parkean Altzaerreka eta Pakea erreketan uholde-arriskua murrizteko egindako obrak bisitatu zituzten. Jarduera horiek amaituta daude jada, eta euri-jasa handietan ura atxikitzea dute helburu. Horretarako, bi atxikipen-urmael eraiki dira erreken beheko aldeetan, eta puntako emaria gelditu egingo da, ibaian behera, Anoetako kirol-gunean, euri-uren sistema kolapsa ez dadin eta uholdeak sor ez daitezen. Bisita honetan Uren Ustiapen eta Saneamendu Zerbitzuko udal langileek eta proiektua idatzi duen enpresako ingeniariak parte hartu dute.
Guztira, 214 pertsonak parte hartu dute, % 55 emakumeak eta % 45 gizonak. Balorazio orokorra oso positiboa izan da.
Zure iritzia jakin nahi dugu
Esteka honetan hiriko ibai eremuei buruz, eta zehazki proiektu honen inguruko, herritarren iritzia ezagutzeko prestatutako inkesta duzu. Eskertzen dizuegu inkesta betetzea.
2025/12/18an argitaratua