Breadcrumb
Eduki publikatzailea
Artikutzako presa partzialki eraisteko lanak esleitu ditu udalak
Gauzatzeko epea 7 hilabetekoa izango da

Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak esleitu berri ditu Artikutzako enklabean dagoen Enobietako presa zerbitzutik kanpo uzteko lanak. Hormaren bi aldeen arteko lotura ekologikoa berrezartzea ahalbidetuko duten lanak Construcciones Moyua enpresari esleitu zaizkio:
- kostua: 1.207.538 €
- egikaritze-epea: zazpi hilabetekoa
Esleipenaren zenbatekoaren erdia, 648.000 euro inguru, Life Kantauribai Europako funtsekin batera finantzatutako proiektuak jarriko du. Proiektu horren helburua ibaiak birnaturalizatzea da, ibai-oztopoak ezabatuta.
Aukeratutako irtenbidea
7 metroko zabalera duen eraiste partzial baten alde egiteko erabakia hartu da honako arrazoiengatik: biodibertsitatearekin lotutako gaiak, bertan intereseko espezieak bizi direlako; zailtasun teknikoak daudelako; eta kamioien joan etorriek sortuko luketen eragina murrizteko asmoa dagoelako.
Helburua da sortzen diren hondakin gehienak berrerabiltzea finkako bidezidorren konponketan, eta kopuru txiki bat uztea, ibaiko sedimentuak garraiatzeko dinamikak berak banaketa egin dezan eta ibai-sistemaren heterogeneotasuna handitu dezan.
Lanen azken fasean ingurua lehengoratuko da, eta horretarako lurra zabalduko da ura bideratzeko egindako ezponda berrietan, landareak ereingo dira eta, landaketa garaian (otsailean), sahats-aldaxkak landatuko dira.
Europako funtsak
Artikutzako presaren eraisketa LIFE KANTAURIBAI proiektuaren baitan garatzen den ekintzetako bat da, Europako funtsekin finantzatutakoa. Hala, jarduketaren zati bat funts horien bidez finantzatuko da.
Proiektu honen helburu nagusia da Bizkaiko golkoan itsasoratzen diren ibaien eta ibaiadarren ibai-ekosistemari lotutako espezie eta habitaten kontserbazio-egoera hobetzea Natura 2000 Sareko 15 babesgunetan, betiere Nafarroa, Gipuzkoa eta Akitania Berria eskualdeen artean partekaturiko bost ibai-arrotan.
Ikusi bideoa Youtuben (gaztelaniaz)

2026/01/16an argitaratuta