Artikutza
Jarduerak
Bisita gidatuak
Abisua
Bisita gidatu programatuak
Tarifak
- 6-16 urte bitartekoak: 2,09€ pertsonako.
- 16 urtetik gorakoak: 3,14€ pertsonako.
Bertan ordaintzen da, eskudirutan.
Programazioa
1- Ugaldeko presa
- Data: azaroak 7 (larunbata)
- Hizkuntza: elebitan
- Luzera: 6 km. inguru
- Gainbehera: laua
- Zailtasuna: erraza
Artikutza uraren sinonimoa da, eta oraingo honetan uraren hornidurarekin lotutako azpiegitura zaharrenetako bat bisitatzea proposatzen dugu.
Ibilbide laua eta erosoa da. Artikutzan hasiko gara, ibaiaren ibilguari jarraituz. Donostia urez hornitzen zuen kanalaren gainean ibiliko gara, eta funtzio horrekin lotutako hainbat instalazio ikusiko ditugu. Ugaldeko presan Añarbe ibaia gurutzatuko dugu beste ertzetik itzultzeko.

2- Mikologia
- Data: azaroak 21 (larunbata)
- Hizkuntza: elebitan
- Luzera: 4 km. inguru
- Gainbehera: 150 m
- Zailtasuna: erraza
Ibilbide erraz batean zehar eta mikologian aditua den batek gidatuta, gure inguruan hazten den dibertsitate fungikoa ikusiko dugu, eta onddoen bizi-zikloari eta ekosistema batean betetzen duten funtzioari buruzko informazioa jasoko dugu. Hori guztia, ehun urtetik gorako haritz eta pagoz inguratuta eta udazkeneko paisaiaz gozatzen dugun bitartean.

3- Bianditzeko gaina eta tunela
- Data: azaroak 28 (larunbata)
- Hizkuntza: elebitan
- Luzera: 7 km. inguru
- Gainbehera: 360 m
- Zailtasuna: ertaina
Eskasetik abiatu eta Napar Bidean zehar, Burnaiztegiko lepora iritsiko gara. Hemendik, Lesaka eta Artikutza elkartzen dituen muga jarraituz, Galtzarrietako gaina gainditu eta berehala, Irumugarrietara iritsiko gara, Oiartzun, Lesaka eta Goizueta (Artikutza) lotzen dituen puntura. Igoera txiki bat besterik ez da geratzen Bianditzeko gailurrera iristeko.
Eguraldiak laguntzen badu, ikuspegi paregabea izango dugu gure aurrean: iparraldera euskal kostaldea, Lapurditik Bizkaiaraino; hegoaldera Artikutzako basoak eta Nafarroako mendialdea Pirinioetaraino.
Errepidera jaitsi eta Artikutza eta Pasaia lotzen zituen trenbidea hartuko dugu. Bianditzeko tunela zeharkatuko dugu Eskasera itzultzeko.

Aholkuak:
- Ibilbide hauek ez daude gaitasun fisikoak hobetzeko prestatuak, naturak Artikutzan eskaintzen dizkigun aberastasunez jabetzeko baizik.
- Geldialdiak egingo dira ibilbidean zehar, ingurunea ezagutu, usaindu, ukitu, entzun eta paisaiaz gozatzeko, besteak beste; hamaiketakoa egiteko geldialdi teknikoa ahaztu gabe, noski!
- Ibilbide guztietarako mendiko botak eramatea gomendagarria da.
- Zira edo txamarra eramatea aholkatzen dizuegu, mendian eguraldi aldaketak maiz gertatzen baitira. Eguraldi txarra dagoen kasuetarako, aldatzeko arropa eramatea ere gomendatzen da.
- Jateko eta edateko zerbait eramatea komenigarria da, auzoan kafe eta freskagarri makina besterik ez dago eta.
- Sortutako ZABOR GUZTIA biltzea eskatzen dizuegu mesedez, (fruta hondakinak eta azalak barne)
- Mendi bideak izan arren, ez dute zailtasun handirik, osasun arazorik ez badago behintzat. Aukeratu baino lehen begiratu ibilaldien deskribapen orrian luzera eta desnibela.
- Makilak edo bastoiak lagungarriak dira maldetan.
Neurrira antolaturiko bisitaldiak
Artikutza gida batez bisitatzea kontratatu dezakete 8 eta 25 lagun bitarteko taldeek.
Ibilaldiak Artikutzako historia, ezaugarriak eta natura bikaina ezagutzeko interesa duten taldeentzakoak dira. Familientzako bereziki diseinaturiko aukera bat dago.
Bisitak euskaraz zein gaztelaniaz egin daitezke. Hartarako, gorago aipaturiko bidea erabilita, eguna, ordua eta baldintzak zehaztu beharra dago.
Tarifak:
- 15 pertsona arteko taldeak: 62,79€ taldeko.
- 15. pertsonatik gora:
- 6-16 urte bitartekoak: 2,09€ pertsonako.
- 16 urtetik gorakoak: 3,14€ pertsonako
Bisitak autogidatuak
Segidan, labur azalduta daude Artikutza zeharkatzen duten balizadun 4 ibilbideak, etxaldeko toki nagusietatik ibiltzeko, galdu gabe.
Gainera, wikiloc kontu honetan, Artikutzako hainbat bide kontsultatu daitezke.
ESKAS – ARTIKUTZA AUZOA (Burdinide zaharreko eta Elizmendiko bidea) (PR-Na 124):
- Luzera: 11 km.
- Malda: 335 m.
- Abiadura: Eskas (aparkalekua).
- Zaitasuna: Ertaina. Mendi ibilbidea.
- Elizmendiko bidean behera, alde hartan aspaldiko biztanleek leku hartan utzitako arrastoak ikusten dira: Eskaspeko cromlecha, ikatz plataformak, pago lepatu zaharrak, haustarri bat… Ur garbi-garbiko errekastoek zeharkatzen dute ibilbidea, eta Erroiarri ur jauzia ere ikusten da. Artikutza auzoan atsedendu ondoren, bideari berriro ekin dakioke, Eskaserantz, burdinbide zaharraren bidetik, pagadi eta hariztien artean, ikuspegi eder-eder batez gozatzera.

URTEGIKO BIRA:
- Luzera: 6,5 km.
- Malda: 70 m.
- Abiadura: Artikutza auzoa.
- Zailtasuna: Txikia. Pista. Bizikletan edo umeekin egiteko egokia.
- Enobietako urtegia zenaren inguruko pistari esker, era erosoan ikus daiteke Artikutza auzoaren ingurua. Presaren gainetik, urtegiak estaltzen zuen eremua ikusiko duzu, eta 65 urtetan zehar urez estalita egon den lekua naturaren indarrak nola berreskuratzen duen ikus ahal izango duzu. Bertako zuhaitzak eta exotikoak, goroldioz eta likenez beteak, ibilbide osoan zehar nahasirik, ia maldarik gabe, abiabururaino berriro helduko zara.

BURDINOLETAKO BIDEA:
- Luzera: 10 km.
- Malda: 410 m.
- Abiadura: Arriurdiñeta.
- Zailtasuna: Ertaina. Mendi ibilbidea.
- Ibilbide hau Artikutzatik kanpo hasten da eta pista eta bideetatik barneratuz, haritz eta pago baso ederrak, bi burdinola hidraulikoen arrastoak, burdin minerala kiskaltzeko labea eta karobia erakusten ditu. Ur-emari handiena duen Arikutzako ibaiaren soinua izango duzu bidelagun ia ibilbide osoan zehar.

Ikasleentzako bisitak
ARTIKUTZAKO NATUR ESKOLA Donostiako Udalak sustatutako ingurumen hezkuntzako programa da. Programa honek bertako natura-balioen eta ondare historikoaren bidez, Artikutza ezagutzeko aukera eskaintzen die Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilerreko ikastetxeei.
Ingurumen hezitzaileek aire librean eta naturarekin kontaktuan gidatutako jardueren bidez, egun bateko edo biko programak eskaintzen dira.
Natura 2000 Sareko gune honetan egin daitezkeen jardueren eskaintza osatzeko, Artikutzak baditu beste baliabide batzuk ere, hala nola Beko-etxeko natur gela eta aterpetxea.
Hezkuntza programa
Artikutzako Natur Eskolaren helburua da, Heziberriren curriculumari lotutako programak eskaintzea, erabat parte hartzaileak, bizipenezkoak, eta ikaslea erdigunean dutenak. Programa honen nahia ere bada ikasleak naturarekin harremanetan jartzea, naturarekiko interesa sortzea, eta natura eta kultura-ondarea behatzeko eta balioesteko tresnak eskainiz, inguruneaz gozatu eta hura errespetatzen eta zaintzen ikastea.
- HH eta LH 1 eta 2-ko ikasleekin, natura sentitzea eta zentzumen ezberdinekin jasotzea izango da helburua, naturan murgildu eta barneratzea.
- LH 3, 4, 5 eta 6koek Artikutza hainbat bizidunen bizileku gisa ulertu, eta basoak “kontatzen” diguna jasotzea izango dute helburu.
- DBHko ikasleek Escape forest gisako jokoan parte hartuko dute, eta bertan, hainbat azterketa eta behaketaren bidez, hezitzaileek ibilbidean zehar planteatutako igarkizunak eta erronkak gainditu beharko dituzte. Erronka: gure basoak salbatzea eta, horrekin batera, klima-aldaketara egokitzen laguntzea, horixe baita aurrean dugun arazo nagusietako bat.
- Batxilerreko taldeekin, metodo zientifikoan oinarritutako programa eramango da aurrera, gizakiak naturan eta paisaian duen eragina eta natur guneen kudeaketa landuz. GIHen 15. helburua lortzeko plangintza hauek duten garrantzia eta jarduteko modua ezagutzen lagunduz.
Informazio gehigarria
- Aterpetxea
- Prezioa:
- Egun bateko programa: 4,19 € ikasle bakoitzeko.
- Bi eguneko programa (ostatua eta gosaria barne): 10,98 € ikasle bakoitzeko.
- Informazio gehiago eta izen-ematea: 690 720 264 telefonora deituz (astelehenetik ostiralera, 08:00-15:00) edo artikutzanatura@donostia.eus helbidera idatziz.
Oharrak
- Errepidearen ezaugarriak direla eta, ezin dira 40 plaza baino gehiagoko autobusak sartu.
- Programak gehienez ere gela bat osatzen duten taldeekin gauzatuko dira (gehienez 30 ikasle).
- Artikutza oso eremu euritsua da, eta hiriko tenperatura baino freskoagoak ditu. Mendian ibiltzeko oinetako eta arropa egokiak eta euritarako aproposak eramatea gomendatzen da.
- Artikutzan ezin da ez janaririk ez edaririk erosi (bi vending makina eta auzoko iturria izan ezik)
- Ibilbidean zehar sortutako janari-hondakin eta hondakin guztiak bildu behar dira; beraz, poltsa edo ontzi bat eramatea gomendatzen da horiek jasotzeko eta, ondoren, leku egokian uzteko.
- Oinez ibiltzeko prestatutako bidexkak erabiliko ditugu, ingurunean gure eragina ahalik eta gutxiena izan dadin.



Nola iritsi
- Motordun ibilgailuan sartzeko baimena:
- Goizuetatik sartzeko baimena eskatzeko:
- Argibide gehiago: