Parketarrak

Parketarrak egitasmoak helburu du haurrek eta familiek aisialdian euskara erabiltzea. Euskaraz jolasteko asmoarekin, hiriko parke eta jolaslekuetan antolatzen da urtero, eta, gutxi gorabehera urrian, martxoan eta maiatzean hasten dira saioak, doan. Hilabete horietan, saioak astelehenetik ostiralera izaten dira, 3 astez, auzo zehatz batzuetan astegun bakoitzean.

Parketarrak egitasmoak haurrei eta gurasoei laguntza ematen die. Izan ere, gurasoek, batzuetan, seme-alabekin kalean euskaraz jolasteko baliabideak behar izaten dituzte, baita euskaraz baldin badakite ere. Bestalde, haur eta gazteek euren adinari dagokion bizitasuna behar dute euskaraz lagunartean aritzeko, eta parketarren jolasek horretarako baliabideak eskaintzen dituzte.

Behar horien testuinguruan, jolasa ezagutzak oharkabean jasotzeko erreminta ezin hobea da denontzat: Hizkuntza barneratzen laguntzen duen tresnetako bat da; hizkuntza formala lantzeko erabil daiteke; eta, batez ere, hizkuntza informala eta lagunarteko hizkera sustatzeko da baliagarria. Horrez gain, Parketarren bidez, euskarazko jolasak kalera ateratzen dira, eta abestiak, esamoldeak, hiztegia, etab. jendartean erabiltzen dira.

Parketarrak egitasmoak bi talde bereizten ditu: Zabu Zibu taldea 3-5 urte dituztenentzat, eta Txirrintxon 6-9 urte bitarteko haurrentzat. Zabu Zibun, 3-5 urtekoek gurasoekin edo arduradunekin parte hartzen dute, eta gutxieneko parte-hartzaile kopurua 5 haurrekoa da eta gehienekoa 15ekoa. Txirrintxonen, berriz, gutxienez 10 eta, gehienez, 25 inguru izaten dira.

2025-26 IKASTURTEA

Parketarrak udazkenean, neguan eta udaberrian izaten da, eta urriko txanda urriaren 6tik 24ra izango da, Donostiako auzo hauetako 22 jolasgunetan:

Aiete, Altza Herrera, Altza Casares, Antigua, Añorga, Amara Olaeta, Amara Araba parkea, Amara Rafael Ruiz Balerdi pl., Bidebieta, Easo-Arroka pl., Egia Martin Santos pl., Egia Atotxa Zelaia pl., Gros Katalunia pl, Gros Nafarroa Behera pl, Ibaeta, Intxaurrondo, Loiolako Erribera, Martutene, Morlans, Parte Zaharra Zuloaga pl., Txomiñenea eta Zubieta.

Parketarrak - 20255 Urria

Hurrengo Txandak:

  • 2026ko otsailaren 23tik martxoaren 13ra.
  • 2026ko maiatzaren 4tik 22ra.