KEES metodologia
Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko Metodologia.
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren helburu estrategikoetako bat da euskararen erabilera kirol esparruan sustatzea. Gazte asko kirolari lotuak bizi dira, haien aisialdian kirola egiteak garrantzia handia du eta ordu asko ematen dute horretan. Bestalde, gazteak dira gaur egun euskara gaitasun gehien dutenak, eta, beraz, euskara erabiltzeko baldintza onenak dituztenak. Gaur egungo gazte donostiar gehienek badakite euskaraz, eta adin tarte hau oso garrantzitsua da hizkuntza-ohiturak finkatzeko.
KEES Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko egitasmoaren helburu nagusia da haur eta gazteek euskara erabiltzea eskolaz kanpoko kirol jardueretan. Aldi berean, helburu hauek ere erdietsi nahi dira:
- Haur eta gazteen hizkuntza-ohiturak modu naturalean aldatzea.
- Donostiako kirol elkarteetan entrenatzaile euskaldunen kopurua igotzea eta entrenamenduak euskaraz egitea.
- Donostiako kirol elkarteetan euskararen erabilera eta presentzia areagotzea.
Zer da KEES Metodologia?
KEES metodologiaren ezaugarri nagusiak
Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko Metodologiak kirol hezitzaile-entrenatzailea du ardatz. Bera da euskararen erabilera sustatzeko arduradun nagusia. Hau da, entrenamendu saioak euskaraz gidatzeko gaitasuna duen entrenatzailea da metodologiaren ardatza. Hala, kirol hezitzaileak euskaraz egingo die haurrei beti; entrenamenduetan informazioa, aginduak eta zuzenketak euskaraz emango ditu. KEES metodologiaren bidez entrenatzaileek baliabide eta tresnak ezagutuko dituzte; eta erreminta horiekin kudeatu ahal izango dituzte gure errealitate elebidunean sortzen diren egoerak, haurrekin komunikatzen garenean.
Haurrek ez dute KEES metodologiaren berri izaten. Entrenatzailearen zeregina da metodologia aplikatzea, haurrek metodologia honetan parte hartzen ari direla jakin gabe. Helburua da haurren hizkuntza ohiturak ahalik eta modu naturalenean aldatzea.
KEES Metodologia zure kirol klubean txertatu nahi duzu?

Harremanetan jartzeko:
- Donostiako Euskara Zerbitzua: donostia_euskara@donostia.eus / 943 483 750
- Kirolean Euskaraz: kaixo@kirolean.eus / 649 425 584
2023-2024 ikasturtea
Donostiako 19 kirol elkarte ari dira haur eta gazteen hizkuntza-ohiturak aldatzeko lanean:
- Añorga Kirol eta Kultura Elkartea
- Egiako Eskubaloi Taldea
- Fortuna Kirol Elkartea
- Atletico San Sebastian Kluba
- Bera Bera
- Gros Xake Taldea
- Ur kirolak
- Groseko Indarra Surfa
- Martutene kirol elkartea
- Irutxulo sub urpekariak
- Tximeleta KE
- Reala, atletismo saila
- Kostkas
- Ibaeta Basket
- Duna Surf
- Antiguoko K.E
- Tenis kluba
- Naútico kluba
- Antigua-Luberri K.E.