Polloe hileta-zerbitzuak

Intereseko informazioa

Polloe Udal Sozietate Publikoa

Polloen udal hilerri eta errausketa-zerbitzu guztiak kudeatzen ditugu: ehorzketak, errausketa-zerbitzuak, hilobien garbiketa eta marmolezko lanak.

Administrazio-izapideak egiteko bulegoa Polloe plaza 2an dago, hiriko hilerri nagusian (Polloe); Egia auzoan, hain zuzen ere.

Polloe Estatuko hilerririk garrantzitsuenetakoa da, eta Europako hainbat erakundek ere goraipatu izan dute.

  • Gutxi gorabeherako hedadura: 62.226 m2
  • Horma-hilobiak eta panteoiak: 7.507 panteoi eta 3.500 horma-hilobi

Gure gidan Polloeko hilerriko mausoleo eta monumentu adierazgarrienetako batzuk aurkituko dituzu.

Horrez gain, hilobien bilatzaile bat dugu, Polloe, Altza eta Igeldoko hilerrietan dauden pertsona zenduak eta hilobiak bilatzeko aukera ematen duena.

Polloeko errausketa-labea

Errausketa-labea Polloeko hilerriaren ondoan dago. Sarrera nagusitik irits daitekeen arren, sarbiderik azkarrena Matigotxotegi futbol zelaiaren aurrean dagoen aparkalekutik da.

Hiriko bigarren hilerri handiena Altza auzoan dugu. Hura da barnean beilatokia duen hilerri gutxietako bat, eta horri esker, zerbitzu osagarria eskaintzen die herritar guztiei.

  • Gutxi gorabeherako hedadura: 10.630 m2
  • Horma-hilobiak eta panteoiak: 1.062 panteoi

Beilatokia Altzan

Beilatoki bat dugu Altzako hilerrian. Instalazio moderno bat da, familia eta lagunek pertsona maitatu bati agur esateko diseinatua, eta giro eroso eta goxoa eskaintzen du.

Beilatokia eskatzeko, nahi dugun eguna baino 24 ordu lehenago gure bulegoekin jarri behar da harremanetan,beilatokira sartzeko eguna eta ordua zehazteko. Oro har, zerbitzuaz arduratzen den ehorztetxeak egiten du lan hori.

Igeldon hilerri txiki bat dago, eta barruan panteoi gutxi batzuk eta kapera bat daude, inguruko biztanleentzat. Tokia ikusgarria da, itsasoa ikusten baita handik.

  • Gutxi gorabeherako hedadura: 938 m2
  • Horma-hilobiak eta panteoiak: 120 panteoi

Hobe da beti aurrea hartzea. Polloetik gomendatzen dugu aurrez prestatzea, une gogor horietan egoera desatseginak saihesteko. Horretarako, jarri harremanetan hileta-etxe batekin zerbitzua antolatzeko, eta Polloerekin hilerri eta errausketa-labeari buruzko guztirako.

Une hau aurrez prestatuz gero, ezinbestekoa da senide eta lagunei jakinaraztea, zure nahiaren arabera joka dezaten.

Edozein hileta-etxetan aurrekontua eskatu daiteke eta hilkutxa, lekualdaketa, eskela, hilerria, beilatokia, errausketa-labea eta abarri buruzko guztia kontsultatu. Aurrez egiteak izapide asko saihestuko ditu heriotza unean. 

Panteoiaren titularrek euren egoera kontsulta dezakete gure bulegoetan. Hildakoa titularra ez bada, hilobiko titular batek baimendu beharko du lurperatzea. 

Gainera, errautsak lurperatzeko aukerak kontsulta daitezke, bai errautsontzi batean, bai horma-hilobi batean. 

Nola utzi dezaket nire nahia jasota gaixotasun larri edo heriotza baten aurrean? 

Horretarako, bizi-testamentua dago, aurretiazko borondateen edo aurretiazko jarraibideen dokumentu gisa ere ezagutzen dena. 

Dokumentu honen bidez, pertsona batek idatziz utz dezake bere borondatea, bere kabuz adierazi ezin duenean errespeta dadin, bai bere osasunarekin lotutako zaintza eta tratamenduei buruz, bai, behin hildakoan, bere gorputzaren edo organoen helmugari buruz. 

Panteoi bat daukat, nor izango da haren titularra ni hiltzen naizenean?

Legezko oinordekoek titular bihurtzeko eskubidea izango dute. 

Panteoiaren titulartasuna nork izan behar duen berariaz jasota uzteko, testamentuan adierazi. 

Ez daukat panteoia eta lurperatua izan nahi dut, zer egin dezaket? 

Panteoi bat eskuratzeko aukerak daude 25, 35 edo 49 urteko iraupenarekin. 

Aukera horiez gain, horma-hilobi batean lurperatua izatea ere posible da. Kasu honetan, hilobiak aldi baterako erabilera du, 8 urteko iraupenarekin.

Heriotza baten aurrean, zer aukera daude? 

Bi aukera daude: lurperatzea edo erraustu . 

Lurperatzeak beti hilerrietan egiten dira eta errausketak errausketa-labeetan. 

Lurperatzeen kasuan, aldi baterako hilobi bat (horma-hilobia) edo panteoi bat aukera daiteke. 

Errausketaren kasuan, errautsak kutxa batean ematen dira eta hurbilekoek hilerrian prestatutako guneetan (kolunbarioetan edo errautsontzietan) utzi ditzakete edo egoki iruditzen zaien lekuan gorde.

Zer gertatzen da heriotza atzerrian edo hiritik kanpo gertatzen bada?

Kasu horretan, heriotza gertatu den herriko hileta-etxea arduratzen da hileta-zerbitzuaz. 

Hileta-etxe hau hildakoaren bizilekuko hileta-etxearekin eta hilerriarekin koordinatuko da lekualdaketa eta lurperatzea antolatzeko, hala badagokio. 

Errausketaren alde eginez gero, heriotza gertatu den lekuan egiteko aukera dago eta senideek beraiek eraman ditzakete errautsak bizilekura. 

Hildakoa zen hilobiaren titularra, zer egin behar dut?

Hilobiaren titularra hil bada, oinordekoek panteoiaren titulartasuna eguneratzeko eskubidea dute. Beharrezko dokumentazioa:

  • panteoiaren jatorrizko titulua (ez badute, ez dago arazorik; badute eta gorde nahi badute, ezeztatuta zigilatu eta itzuli daiteke)
  • titularraren edo titularren eta hildako oinordekoen heriotza-ziurtagiria (heriotza gertatu zen lekuko Erregistro Zibilean eskatzen da)
  • titularraren edo titularren eta hildako oinordekoen azken borondateen ziurtagiria (inprimakia Erregistro Zibilean eskatu eta Madrilera bidali; erantzuna handik iritsiko da)
  • titularraren edo titularren eta hildako oinordekoen testamentua
  • testamenturik ez badago: familia-liburua edo, halakorik ezean, seme-alaben jaiotza-ziurtagiria. Bigarren odolkidetasun-mailatik aurrera, oinordekoen adierazpena beharko da (oinordekoak nortzuk diren adierazten duen notario-akta)
  • eskatzaileen NANaren kopia

Non egin dezaket inskripzioa panteoi, horma-hilobi edo errautsontzietan?

Polloen hilarrian inskripzioa izapidetu eta aurrekontua egin dezakegu, bai panteoian, horma-hilobian edo errautsontzietan, gorputza edo errautsak lurperatu diren lekuan.

Zenbat denbora egoten da gorputza edo errautsak lurperatuta?

Panteoien kasuan, ez dago gorputza ateratzeko epe-mugarik.

Aldi baterako hilobietan, hala nola horma-hilobi, hobi, kolunbario edo errautsontzietan, gorpuzkiak ateratzen dira heriotzatik 8 urte igaro ondoren.

Aurretik, Polloek prentsan iragarki bat argitaratzen du eta gutunak bidaltzen dizkie arduradunei lurperatzean emandako helbidera.

Ordaindu behar al da urtero hilobi bat hilerrian mantentzeko?

Horma-hilobi, hobi, kolunbario eta errautsontzietan, lurperatzeagatik ordaindutako prezioak 8 urteko egonaldia barne hartzen du hilerrian.

Titulartasun partikularreko panteoien kasuan, urteko tasa bat ordaintzen da hilerriak oro har mantendu eta zaintzeko, ez hilobia mantendu edo garbitzeko.

Nahi izanez gero, Polloek garbiketa edo mantentze zerbitzua du kontratatzeko.

Ba al daude panteoi libreak?

Gaur egun, udal hilerrietan panteoi eskaintza zabala dago. Emakida-epeak 25, 35 edo 49 urtekoak izan daitezke.

Nahi izanez gero, joan gure bulegoetara, han beharrezko informazio guztia emango dizugu.

Nola manten dezaket panteoia garbi?

Polloek hainbat garbiketa aukera eskaintzen ditu panteoietarako. Garbiketa puntualak aukera daitezke, adibidez, laster egingo den lurperatze baterako, edo aldizkako garbiketak, kontratatutako aldian panteoia egoera onean mantenduko dutenak.

Informazio gehiagorako, kontsultatu, joan gure bulegoetara edo deitu 943 483 540 telefonora.

Panteoiaren lauza hautsi da, zer egin dezaket?

Lauzak lurperatze bat irekitzean hauts daitezke. Kasu horietarako, marmolari zerbitzua dugu, konponketarako aurrekontua presta dezakeena.

Polloetik gure zerbitzuak eskaintzen ditugu Polloe, Altza eta Igeldoko hilerrietan, baita Polloeko errausketa-labean ere.

Administrazio-izapideak egiteko bulegoa Polloe Plaza 2an dago, hiriko hilerri nagusian (Polloe), Egia auzoan kokatuta.

Kontsultatu eta deskargatu dokumentu interesgarriak Polloeko hilerrietako mapei, bisita-puntuei edo informazio eta izapideei buruz.

Hileta sanitate araudia
Euskal Autonomia Erkidegoan hileten osasun arloa arautzen duen dokumentua da.
Hileta sanitate araudia

Udal Jabari Publikoa Erabiltzeari dagozkion Tasak 
Udal Jabari Publikoa erabiltzeari eta ustiapen bereziari dagozkion tasak arautzeko zerga ordenantza. 
Tasak Polloe

Udal Zerbitzuak eman edo jarduerak egiteari dagozkion prezio publikoak arautzea Errausketa-labe zerbitzuak arautzen ditu.
Prezio publikoak Polloe

Udal hilerrien zerbitzuen izaera publiko zergazkoa ez den ondare prestazioa arautzen duen udal ordenantza 
Dokumentu honek arautzen du udal hilerri zerbitzu-ematea
Tarifak Polloe

Udalerriko kanposantuaren zerbitzuak eskaintzeko ordenantza
Ordenantza honen helburua da udal hilerrietako zerbitzuen ematea arautzea
Donostiako udalerriko kanposantuen zerbitzu ordenantza

Mapak

Altzako hilerriaren mapa
Polloeko hilerriaren mapa

Bisitatzeko tokien gida

Bisitatzeko tokien gida: historia, artea eta pertsona ospetsuak Polloeko hilerrian
Ibilbidea Polloe hilerrian zehar, Artea, Historia eta Pertsona Ospetsuak