Donostiako Zurrumurruen Aurkako Sarea
Sarrera
Zurrumurruen Aurkako Estrategia etorkin, errefuxiatu eta oro har, kultur aniztasunaren aurkako estereotipo negatibo edota aurreiritziek sortutako ondorioak indargabetzeko dinamika da. Gizarte kultur-anitz honetan, zurrumurruak pertsonen arteko harremanak sortzeko eta elkarbizitzarako oztopo garrantzitsuak izateaz gain, jarrera eta diskurtso xenofobo eta arrazistak eraikitzeko testuinguru sozial aproposa eratzen dute.
Horrenbestez, Kultur Aniztasun Bulegoarentzat etorkin, errefuxiatu eta bestelako kulturak dituztenen inguruko zurrumurruen aurkako sentsibilizazio eta esku hartze estrategia herritarra garatzea ezinbestekoa da.
Aipatu estrategia kulturartekotasun eta bazterkeriaren aurkako borroken balioetan oinarritzen dugu eta berau zurrumurruen aurka lanean ari diren bestelako pertsona eta eragile sozio-kulturalekin elkarlanean bultzatuko dugu.
Estrategia honen baitan, administrazioko langile eta udaltzaingoarekin hainbat sentsibilizazio saio burutu izan dira, hemendik aurrera baina, erronka nagusia herritarrekin batera garatuko den estrategia martxan jartzea dela uste dugu.
Estrategiaren helburuak
Helburu orokorrak
- Gizarte inklusiboa, aniztasunari errespetua eta kulturartekotasuna sustatzea.
- Jarrera eta diskurtso xenofobo eta arrazistak ekiditea etorkin eta errefuxiatuekiko aurreiritzi eta estereotipoak hautsiz.
- Donostiako Udalak kulturarteko begirada oinarri izango duten politika publikoak garatzea.
Epe ertaineko helburuak
- Donostiako herritarren eta elkartegintzan diharduten elkarte eta entitate sozio-kulturaletako partaideen zurrumurruen aurkako eragiletza sustatzea. Zehazki, Donostia mailako zurrumurruen aurkako agenteen sarea(k) osatzea.
- Sare hauetan parte hartzen duten pertsonei beraien egunerokoan aniztasunetik jarduteko eta zurrumurruei aurre egiteko tresnak eskaintzea.
- Zurrumurruen aurkako agenteen sareekin elkarlanean, komunitatean eragiteko esku hartze egitasmo ezberdinenak diseinatu eta garatzea.
- Udal langileak zurrumurruen aurkako estrategiaren baitan agente aktibo bilakatzea.
Ekintza plana
Zurrumurruen Aurkako Estrategiaren ekintza plana lan ildo ezberdinetan oinarritzen da. Lan ildo hauetan, eremu eta eragin gune ezberdinetan jarraitu beharreko pausu eta ekintzak zehazten dira.
1. Diagnostikoa eta elkarlana
Aldiro aldiro, aniztasuna eta elkarbizitzaren eremuan Donostian ditugun erronka nagusiak kolektiboki identifikatzeari garrantzitsua deritzogu. Horrela, arrazakeriaren aurkako eta kulturartekotasuna lantzen duten egitasmo lokalen identifikazioa eta elkar ezagutza zein estrategiaren garapenenean akuilu izan daitezkeen gizarte zibileko aktore klabeekin elkar lanean aritzea dugu helburu.
2. Formazioa eta sareen osaketa
Lan ildo honek bi helburu nagusi ditu. Batetik, zurrumurruen aurkako agenteen sarea/k osatzea eta bestetik, sare horietan lanean arituko diren pertsonek lan hori burutzeko beharrezkoak dituzten gaitasunak eskuratzea.
Formazio saioak estrategia orokorraren urrats bakoitzean ditugun helburu eta lehentasunen arabera moldatuko ditugu, hortaz, unean uneko beharren arabera formazio saioen edukiak zein hartzaileak ezberdinak izango dira. Formazio saioak prestatzea lan ildo honetako egiteko garrantzitsua izango da beraz, (oinarrizko formazio saioak, sakontzeko mintegiak, udal teknikariei bideratutakoak, formatzaileei bideratutakoa e.a...), dena den, oinarrizko saioak ikasturte guztietan errepikatu beharko ditugun saioak direla aurreikusten dugu.
3. Esku hartzea
Zurrumurruen aurkako ekintzen helburua gizarte sektoreen baitan aniztasunaren inguruan eraikitzen diren estereotipo, aurreiritzi eta zurrumurru faltsuak eraistea da. Besteak beste, bazterkeria egoerei aurrea hartu eta aniztasuna balioan jartzea ere. Hori horrela izanik, esku hartzeak, komunitateetan bertatik bertara tokiko pertsona eta eragileen inplikazioa bilatuz garatzen diren ekintzak direla ulertzen dugu. Eta oinarrian jatorri, kultura eta bizimodu ezberdinak dituzten pertsonen arteko elkarrekintza positiboak emateko inguruneak sortzea izango dute helburu.
Esku hartzeen fokua gizartearen gehiengoan jarriko dugu, hots, beraien burua arrazista gisa kontsideratzen ez duten baina diskurtso anbibalenteak dituzten pertsonetan hain zuzen ere. Lan hau garatzeko Donostiako udalak baliabideak bermatuko baditu ere (ekonomikoak, komunikatiboak, logistikoak, materialak...), estrategiaren arrakasta zurrumurruen aurkako agenteen sareek jarduera eta ekintza ezberdinak diseinatu eta garatzeko izango duten gaitasunari loturik dagoela ulertzen dugu. Zentzu horretan, sare horiek sortzea eta suertatuko zaizkien beharrak asetzea Kultur Aniztasun Bulegoaren egiteko garrantzitsuenetakoa izango da.
Sarean garatzen den estrategia
Erlazionatutako estekak
Interesatuko zaizu agian
Erlazionatutako zerbitzua
Kontaktua
Kultur aniztasuna
Aiete Jauregia. Aiete pasealekua, 65, 20009 Donostia