Garraio publikoak marka berria ezarri du 6 milioi bidaiatik gora izanik uztailean eta abuztuan

Dbizik %15,93 egin du gora eta Illunbeko autobus-zerbitzuak ia %25

2026/09/04 argitaratua


Donostiako Udalak uda honetan hiriaren mugikortasunean eragina izan duten parametroen azterketa egin du, uztailean eta abuztuan arlo horretan hartutako neurrien balantze positiboa eginez.

Olatz Yarza Mugikortasuneko eta Garraio Iraunkorreko zinegotziak adierazi duenez, "aurtengo udan mugikortasunaren balorazioa oso positiboa da eta udal zerbitzuek herritarren konfiantza dutela berresten du. Albisterik onena, zalantzarik gabe, hiriko garraio publikoaren erabileraren errekor berria da, 6 milioi bidaia gainditu baitira uztaila eta abuztua bitartean, eta horrek erakusten du norabide egokian urratsak ematen jarraitzen dugula hiri-mugikortasunaren paradigma aldatzeko bidean ".

"Uda honetako beste gako garrantzitsu bat Dbiziko bizikleten erabilera handitzea izan da, eta horrek berretsi egiten du mugikortasunaren arloan ohitura osasungarri eta jasangarrien aldeko apustua. Bestalde, disuasio-aparkalekuen portaera ere ona izan da eta Illunbeko anezka-autobusaren gorakada argia, eta horrek hiriko kaleetako trafikoaren arintasuna ekarri du", azaldu du zinegotziak.


Errekorra garraio publikoan

Udako mugikortasunaren balorazio positiboan funtsezkoa izaten jarraitzen duen parametroetako bat garraio publikoaren erabilera da, aurten beste errekor bat hautsi baitu Dbusen 6 milioi bidaiako muga gainditzeko. Aurreko urtearekin alderatuta, % 3,78koa izan da gorakada, aurreko urtean ere markarik onena ezarri zela kontutan hartuta. Uztailean 3.060.458 bidai egin dira, eta abuztuan 2.959.661 gehiago. Hala, uztaileko kopurua % 4,49 hazi da iazko hil beraren aldean, eta abuztuan, berriz, % 3,07. Horrela, guztira, udako bi hilabeteetan 6.020.119 bidaia egin dira, eta Dbus zerbitzu hurbila eta herritarren konfiantzakoa dela baieztatu da.

Udako datu onekin bat etorriz, Aste Nagusian garraio publikoaren erabilera ere positiboa izan da. Izan ere, aipatutako egun horietan % 2ko igoera erregistratu da, guztira 871.025 bidaiarekin, aurreko urteko jardunaldi berberetan baino 16.746 gehiago.

Bestalde, azpimarratzekoa da bizikletaren erabilerak gora egin duela hirian garraiobide jasangarri gisa. Dbizi bizikleta publikoaren sistemak 295.865 bidaia erregistratu ditu uztaila eta abuztua bitartean. Ildo horretan, joan den udarekiko aldakuntza ikusgarria da, zerbitzu horrek % 15,93 egin baitu gora. Hazkundea, gainera, oso antzera mantendu da bi hilabeteetan: % 16,61 uztailean eta % 15,20 abuztuan.

Disuasio-aparkalekuak

Udan trafikoaren egoera hobetzeko beste puntu garrantzitsu batzuei dagokienez, nabarmentzekoa da Illunbeko anezka-zerbitzuaren portaera ona, 21.813 bidaia erregistratu baititu uztailean eta abuztuan, hau da, aurreko udan baino % 24,79 gehiago.

Bestalde, disuasio-aparkalekuek, bai Igaran eta baita unibertsitateetan ere, zerbitzu erosoa eta segurua eskaini diete bisitariei. Bi aparkalekuen artean, aurtengo udan 19.461 ibilgailu-sarrera erregistratu dira, 2025eko hilabete berdinetan baino % 7,19 gehiago. Igaran 15.977 erabiltzaile aparkatu dituzte, eta unibertsitateetan, 3.484 ibilgailu gehiago.

Ibilgailu horien jatorriari dagokionez, proportzioa ia berdin mantentzen da 2025eko udaren aldean: % 78,85 matrikula nazionalak ziren (iaz % 78,21) eta % 21,15 atzerritarrak ( % 21,79 2025ean). 

Trafiko pribatuaren arintasunari dagokionez, uda honetan berriro aplikatu da erregulazio-protokoloa modu espezifikoan, lurpeko aparkalekuetarako sarbideei arreta berezia eskainiz, eta, ondorioz, ez da aplikatu behar izan perimetro-erregulazioaren neurria.