Plan Estrategikoa
Tamaina ertaineko Estatuko gainontzeko hiri gehienek bezala, Donostiak ere plan estrategiko baten alde egin du etorkizunari ahalik eta modurik onenean ekin ahal izateko.
Plangintza estrategikoko prozesuak abian jartzearen arrazoi nagusia egoera gatazkatsuei aurre egitea izan ohi da, batik bat geldialdi edo krisi ekonomikoak.
Gure ingurune hurbilean, hala ere, krisi egoerak ez dira oro har horrelako prozesuak abian jartzeko arrazoi nagusia. Izan ere, nagusiki, arlo publiko eta pribatuaren arteko elkarlana bilatzea, jarduerak koordinatzea, etengabeko hobekuntza edo suspertze prozesuak bultzatzea izaten da horrelako prozesuak abian jartzearen atzean gurean.
Etorkizunari aurre egin
Hiriek etorkizunari aurre egiteko duten beharrari erantzuten diete plan estrategikoek. Horrenbestez, gakoa honako galderen erantzunean dago: «Norantz joan nahi dugu? Zer-nolako hiria izan nahi dugu etorkizunean?».
Hori horrela, behin estrategia bat zehaztuta, behin zer-nolako hiri eredua nahi dugun adostuta, guztiok elkarrekin eta norabide berdinean egin behar dugu arraun ezarritako helmugara heltzeko.
2030 Plan Estrategikoa
2030 Estrategiaren helburua da gure hiriaren bilakaera, aurrerapena eta gizarte-, ekonomia- eta lurralde-garapen iraunkorrerako aldaketa eragitea eta sustatzea.
Azken bi hamarkadetan landutako ekosistema kolaboratibo baten barruan garatu da hiriaren estrategia, eta, denbora horretan, finkatuz eta haziz joan da pixkanaka, etengabeko lanari eta adostasunaren bilaketari esker.
Eta hiriko organo aholku-emaile nagusia den Donostiako Gizarte Kontseiluarekin lankidetzan egin da hori guztia. Eragile, erakunde, politikari eta udal arloetako teknikariekin osatutako hainbat lan-taldek osatzen dute Kontseilua, eta, halaber, tailerrak, bilerak eta era askotako ekitaldiak egiten dira. Bestalde, 300 elkarrizketa-ordu egin dira hiriko estrategiarekin lotutako alorretan adituak diren pertsonekin.
Metodología
Zeharkako eta sektore anitzeko ikuspegia duen metodologia darabilgu, eta metodologia horren erdigunean, gure baliorik garrantzitsuena dago: pertsonak.
Haiek gabe, haien inplikaziorik gabe, prozesu estrategikoek ez lukete zentzurik izango. Izan ere, pertsonen parte-hartzeaz gain, metodologia eta ezagutzak elkar elikatzen dira. Gure helburua: etorkizuna diseinatzea, eta, aldi berean, hiriko eragileak eta, oro har, herritarrak ahalduntzea, proiektu estrategikoen bitartez. Horixe da gure balio bereizgarria. Egiteko gure modu berezia: TEA, “Think-Elkarrekin-Act”.
Helburuak
E2030DSS Plan Estrategikoa 5 zutabe sendoren inguruan eraikitzen da, eta horietan oinarritzen dira helburu estrategikoak eta ekintza-ildoak. Gure ikuspegiaren arabera, hauxe da Donostia:
Izaera gara
Oreka gara
Hiria gara
Lidergoa gara
Abangoardia
gara
