Errespetuzko bizikidetza akustikoa sustatzeko kanpaina

Ekimenaren xedea da zaratak bizikidetzan duen eraginari buruz sentsibilizatzea

2026/06/29 argitaratua


Donostiako Udalak zarataren inguruan sentsibilizatzeko beste kanpaina bat jarri du abian, "Errespetuzko bizikidetza akustikoa" lelopean. Helburua da atsedena, ongizatea eta herritarren arteko errespetuan oinarritutako bizikidetza sustatzen duten ohiturak bultzatzea.

Kanpainak eguneroko bizitzako hiru eremutan jartzen du arreta, hain zuzen ere kutsadura akustikoa gutxitzeko norbanakoaren portaera bereziki garrantzitsua den eremuetan:

  • Aisialdia eta espazio publikoaren erabilera: horretarako, kaleez eta plazez gozatzea eta auzokoek atseden hartzea bateragarri egingo dituzten jarrera arduratsuak sustatuko dira.
  • Garraioa: eremu horretan mugikortasunak sortutako zarata murrizten lagunduko duten ohiturak sustatuko dira.
  • Soinu-oasi izenekoak: hala nola hondartzak eta parke publikoak, eta horietan pertsona guztientzako lasaitasun- eta errespetu-giroa egon dadin bultzatuko da.

Iñigo García Ingurumeneko zinegotziak adierazi duenez, «datuek berresten dute Donostia posizio onean dagoela kalitate akustikoari dagokionez, gure inguruko beste hiri batzuekin alderatuta. Hala ere, hori ez da helmuga bat, baizik eta erreferentzia bat, bizikidetza eta bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko lanean jarraitzera behartzen gaituena».

Kanpaina Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin, Dbusekin eta kale-garbiketako zerbitzuekin lankidetzan egin da, eta kutsadura akustikoa murrizteko eta hiriko ingurumen-kalitatea hobetzeko udal-estrategiaren parte da.

Esparru horretan sartzen dira, besteak beste, zarataren eta bibrazioen aurkako udal-ordenantza berria onestea, zarataren mapa estrategikoa egitea, zarataren aurkako ekintza-plana egitea, isuri gutxiko eremua ezartzea, bizikleta-sarea handitzea, Dbuseko flota eta garbiketa-ibilgailuak pixkanaka elektrifikatzea, kale askotan abiadura 30 km/h-ra murriztea, edo jarduera ekonomikoen eta herritarren atsedenari eragin diezaioketen portaeren gaineko kontrola indartzea.