Udalbatzak zerbitzu publikoak indartuko dituen aurrekontua onartu du

Jon Insausti alkateak azpimarratu du 2027ko kontuek (515 milioi euro guztira) aukera ematen dutela "Donostiak aurrera egiten jarraitzeko eta unean uneko behar nagusiei erantzuteko"

 

2026/11/05 argitaratua

​​​​​​Donostiako Udalbatzak 2027ko Udal Aurrekontua onartu du, 515,6 milioi eurokoa, aurreko urtean baino % 3,9 gehiago. Kontuek zerbitzu publikoak indartzean, auzoak hobetzean, etxebizitza bultzatzean eta babes soziala indartzean jartzen dute arreta, herritarren egunerokotasuna errazteko helburuarekin.

Kontuek lehentasuna ematen diote, Jon Insausti alkateak azpimarratu duen bezala, "donostiarren eguneroko jardunaldiari, zerbitzu publiko onen bidez beren bizi-kalitatea hobetu nahi dugunoi, adibidez, kale garbi eta ondo asfaltatuak, garraio publiko eroso eta puntual bat, edo puntako kultura- eta kirol-ekipamenduak lortzeko, non beren bizi-proiektua behar bezala garatu ahal izango duten".

Bestalde, Kerman Orbegozo Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketako zinegotziak adierazi duenez, "datozen urteetako erronkei erantzuteko baliabideak prestatzen ditu aurrekontuak. Norabide argi batekin: donostiarrek beren bizi-proiektua Donostian garatzeko aukera gehiago izatea. Horrek esan nahi du etxebizitza gehiago eskuratzea, zaintza eta babes soziala sendotzea, auzoak hobetzea eta kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea. Ziurgabetasun handiko testuinguru batean bizi gara, eta erakunde publikoek egonkortasuna eta aurreikuspena eskaini behar ditugu. Horregatik, gaur aurrekontua urtea amaitu baino lehen onartzeko bidean jartzen dugu, urtarriletik aurrera baliabideak izateko, zerbitzuei jarraipena emateko eta proiektuak garaiz martxan jartzeko ".

Hiri-mantentzea, garraio publikoa, kirola eta kultura bizi-kalitate hobea lortzeko

Aurrekontuak 109,7 milioi euroraino handitzen du hiri-mantentze lanetarako inbertsioa, eta baliabide gehiago bideratzen ditu garbiketarako, hondakinen bilketarako, eta kaleen, parkeen eta espazio publikoen kontserbaziorako. Era berean, asfaltatzeko eta hobetzeko jarduketa berriak egingo dira hiriko hainbat puntutan.

Kontuek, gainera, herritarrek asko erabiltzen dituzten zerbitzuak indartzen dituzte, hala nola Dbus, zeinak 38 milioi euroko udal-ekarpen errekorra izango duen, eta Donostia Kultura eta Donostia Kirola bezalako udal-erakundeen jarduera sendotzen dute, funtsezkoak baitira hiriko kultura- eta kirol-eskaintzarako.

Etxebizitza eta hirigintza

Etxebizitza da oraindik ere aurrekontuaren lehentasunetako bat. Udalak etxebizitza babestuen eta eskuragarrien sustapen berriak bultzatzen jarraituko du, Altzaberri, Txomin Enea II, Illarra Berri eta Etxegintzak sustatutako hainbat proiekturen bidez.

Gainera, hiriko hainbat espazioren hiri-eraldaketan aurrera egiteko inbertsioak mantentzen dira, Topoaren plazei, Tabakalerari, Autobus Geltokiari eta Anoetako urbanizazioari lotutako jarduketak barne.

Historiako aurrekonturik sozialena

Gastu soziala 45 milioi eurokoa da, orain arte erregistratutako kopururik handiena. Aurrekontuak funtsezko programak indartzen ditu, hala nola etxeko laguntza, gizarte-larrialdietarako laguntzak eta kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei arreta emateko baliabideak.

Horrez gain, gizarteratzeko eta laguntzeko programak zabaltzen dira, egoitza-baliabideak indartzen dira eta inbertsioak aurreikusten dira Bretxako Gizarte Zerbitzuen zentro berria, Erdiguneko Erretiratuen Etxea eta Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzua bezalako ekipamenduak hobetzeko.

Turismo-tasa

Lehen aldiz, aurrekontuan egonaldi turistikoen gaineko zergatik datozen diru-sarreren aurreikuspena jasotzen da. 2027rako aurreikusitako bilketa 5,4 milioi eurokoa da.

Inbertsio aipagarri batzuk

Aurreikusitako jarduera nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • etxebizitza babestu berriak sustatzeko inbertsioak,
  • hiriko hainbat eremuren hiri-berroneratzean aurrera egiteko inbertsioak
  • eta udal-azpiegiturak eta -ekipamenduak hobetzeko inbertsioak.

Mugikortasuneko, segurtasuneko, kulturako eta gizarte ekintzako jarduerak ere sartzen dira, hala nola Okendo Kultur Etxea birgaitzea, Egiako komisaria, Suhiltzaileen parkea handitzea, kirol-instalazioetan inbertsioak egitea eta aurrekontu parte-hartzaileen bidez bultzatutako proiektu berriak.