Udala hamaikagarren urtez jarraian izango da Zinemaldiko Publikoaren Sariaren babesle
Doako 1.000 sarrera jarriko dira langabeen eskura
2026/09/10 argitaratua
Zinemaldiko Perlak saileko 16 film hautagai izango dira Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazteko. Donostiako Udalak, Sariaren babeslea izango denak hamaikagarren urtez jarraian, herritarrei egindako omenaldi gisa planteatzen du saria, eta herritarrek erabakitzen dute, bozketa bidez, zein film den irabazlea.
Perlak saila, Armani Beautyk babestua, nazioarteko beste jaialdi batzuetan saritutako edo goretsitako filmez osatuta dago. Emanaldiak Victoria Eugenia Antzokian egiten dira eta film bakoitzaren emanaldi ofizialera joaten diren ikus-entzuleek film irabazlea aukeratzeko botoa eman dezakete. Saria Zinemaldiaren amaierako galan ematen da.
Donostia Hiria Publikoaren Saria bi sari desberdinez osatuta dago:
- Film Onenaren Saria, 50.000 eurokoa
- Europako Film Onenaren Saria, 20.000 eurokoa
Bi film irabazleak hiriarekin betiko lotuta geratuko dira parte-hartzearen medioz emandako sari horren bidez.
Jon Insausti Donostiako alkateak nabarmendu duenez, 'Donostian zinema herritarrena izatea nahi dugu eta gure festibalari izaera herrikoia eman nahi diogu. Publikoak ematen dio zentzua filmari eta publikoari ahotsa ematea zilegi iruditzen zaigu. Ekitaldi mundiala dugu gure hirian, nazioartean ospe handikoa, baina gurea dela azpimarratu nahi dugu, donostiarron nortasunaren adierazle, donostiarron neurrira egindakoa. Donostiarron Donostian, zineak mundu zabalera ez ezik, etxe barrura ere begiratzen du'.
'Gainera, globalizazio garaiotan, pantailen kontsumoa bakardadean egitera ohituta dagoen munduan, zinemaldia komunitatean partekatu nahi dugun zerbait da. Hala ospatzen ditugu hemen gureak diren ekitaldiak eta gutaz hitz egiten dutenak. Bizi dezagun giro donostiar sano batean, beraz, aurtengo zinemaldia; eta, batez ere, goza dezagun Publikoaren Saria, Zinemaldiko perla kuttun hau', adierazi du.
2025eko irabazleak
Iaz Donostia Hiria Publikoaren Saria jaso zuen Kaouther Ben Haniaren The Voice of Hind Rajab filmak, Venezian Zilarrezko Lehoia —Epaimahaiaren Sari Nagusia— jaso ondoren.
Maïlys Vallade eta Liane-Cho Han zuzendarien lehen lan luzea den Amélie et la métaphysique des tubes filmak Europako film onenaren Publikoaren Saria eskuratu zuen, Cannesko Sail Ofizialean proiekzio berezi batean aurkeztu eta Annecyko jaialdian Publikoaren Saria irabazi ondoren.
Langabeentzako sarrerak doan
Aurreko urteetan bezala, Donostiako Udalak Donostia Zinemaldirako 1.000 gonbidapen banatuko ditu eskabidea egiten duten langabeen artean:
- udalaren webgunean (www.donostia.eus)
- 010 telefonoan
- Udalinforen edozein bulegotan
Gonbidapenak datorren astelehenetik (hilaren 14a) asteazkenera bitarte eska daitezke
Baldintzak:
- langabezian egotea
- Donostian erroldatuta
- 18 urtetik gorakoak izatea
Udalinfok datuak egiaztatu ondoren, gonbidapenak Udalinfo bulegoan (Ijentea kalea) jaso ahalko dira. Bertan, nortasun-agiria eta langabeziaren ziurtagiria aurkeztu beharko dira. Gonbidapenak jasotzeko epea irailaren 16ko 14:00etan amaituko da.
Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek, Donostiako Udalarekiko lankidetza horren balioa azpimarratu du berriz. 'Zinemaldiak gizartearen errealitate ezberdinei adi dagoen espazioa izaten jarraitu nahi du. Filosofia hori programazioaren bidez lantzen dugu, beste begirada eta esperientzia batzuei ikusgarritasuna emanez, baina baita sari hau bezalako ekimen zehatzen bidez ere. Ekimen horiek gizarte osoa inplikatzen eta zinemara iristea errazten laguntzen dute', adierazi du.