Udalak aurrerapauso garrantzitsua eman du Martuteneko kartzela donostiarrentzako etxebizitza-aukera bihurtzeko
Gobernu Batzarrak hasierako onarpena eman dio Txomin Enea II birpartzelazioari, funtsezko urratsa hirian etxebizitzak eraikitzeko bidean aurrera egiteko
2026/11/10 argitaratua
Tokiko Gobernu Batzarrak hasierako onarpena eman dio Txomin Enea II eremua birpartzelatzeko proiektuari, Martuteneko kartzela zaharreko lurrak garatzeko eta hiriko eremu estrategiko horretan etxebizitza, ekipamendu eta espazio publiko berrien eraikuntzan aurrera egiteko funtsezko hirigintza-izapidea.
Jon Insausti alkateak nabarmendu duenez, "lurzorua herritarrentzako etxebizitza-aukera berri bihurtzen jarraitzen dugu. Etxebizitza da Donostiak aurre egin behar dion erronka nagusietako bat, eta onarpen honek aukera ematen digu aurrera egiteko ekipamendu eta espazio publikoen bidez bizitza-proiektu berriak hartuko dituen eremu estrategiko batean, bizitoki eskaintza zabaltzen eta gure hirian etxebizitzarako sarbidea errazten lagunduz".
Birpartzelazioa ezinbesteko urratsa da ondoren urbanizazio obrak garatu ahal izateko eta aurreikusitako bizitegi-sustapenak errealitate bihurtzeko. Sustapen horietan sartuko dira:
- 400 etxebizitza inguru,
- ekipamendu publikoak
- eta espazio libre berriak, hiriko eremu hori eraldatuko duteak.
Erakundeen arteko lankidetza herritarren alde
Birpartzelazioa hiru finkaz osatutako 35.327 metro karratuko azalera duen lursail batetik abiatzen da:
- Udalak eremuaren % 66 ematen du, espetxe zaharra inguratzen duten lursailei eta tranbiaren lursail zaharren zati bati dagokiena,
- eta Justizia Ministerioak Martuteneko kartzela zaharrak hartzen duen lursaila ematen du (eremuaren % 34).
Proiektuak finka horiek berrantolatu eta plangintzan aurreikusitako lurzati bihurtzen ditu, eta administrazio bakoitzari dagozkion lurzoru berriak esleitzen dizkio. Ondorioz, eremua:
- hainbat motatako etxebizitzetarako 5 partzelatan antolatuta dago (3 Udalarentzat eta 2 Justizia Ministerioarentzat),
- eta ekipamendu publikoetarako partzelak sortzen dira, etxebizitza dotazionaletarako partzela bat, berdeguneak, espazio libreak eta eremuko bide-sarea.
Birpartzelazioaren hasierako onarpena aurrerapauso berri bat da lursail horiek eraldatzeko prozesuan, inplikatutako erakundeen arteko lankidetzari esker bultzatua. Izan ere, Txomin Enea II-ren garapena gaur egun Donostian abian dagoen bizitegi-jarduera garrantzitsuenetako bat da, eta etxebizitza berriak sortzeko eta hiriko etxebizitza-eskaintza handitzeko udal-estrategiaren parte da.
Hurrengo pausuak
Tokiko Gobernu Batzarrak hasierako onarpena eman ondoren, proiektua jendaurrean jarriko da alegazioak aurkezteko. Administrazio-izapideak ebatzi eta osatu ondoren, Udalak behin betiko onartuko du birpartzelazioa.
Aldi berean, eremua benetan garatzeko eta aurreikusitako etxebizitzak etorkizunean eraikitzeko beharrezkoak diren kudeaketa tresnak eta urbanizazio proiektuak lantzen jarraituko da, Eusko Jaurlaritzarekin egindako lagapen-akordioa barne, bi erakundeek sinatutako Etxebizitza Protokoloan jasotzen den bezala.