Udalak hiriko lokalak donostiarrentzat etxebizitza bihurtzea sustatu du
Jon Insausti Donostiako alkateak 2011ko ordenantza aldatuko duela iragarri du
2026/10/13 argitaratua
Jon Insausti Donostiako alkateak iragarri du aldatu egingo dela lokalen erabilera aldatzeko ordenantza, "lokalak donostiarrentzat etxebizitza bihurtu ahal izateko", eta hori "egungo erronka handienari benetako konponbideak emateko beste tresna bat" dela gaineratu du.
Insaustik iragarri du datozen egunetan kontsulta publiko berri bat irekiko zaiela herritarrei Etxebizitza erabilera bizitegi eraikinetako solairuetan nola ezarri eta lehengo etxebizitzak nola banatu arautzeko udal ordenantza aldatzeko. Araudi hori 2011koa da, eta, beraz, alkateak nabarmendu duenez, "urrunetik datorren korapiloa askatuko dugu donostiarron etxebizitza-premiei irtenbideak bizkortzeko".
133 lokal 2011tik
Erabilera aldaketei buruzko egungo ordenantza indarrean sartu zenetik, 133 lokal bihurtu dira etxebizitza. Etxebizitzarako sarbidea atari barrutik egin behar izatea izan da muga handiena. Ordenantza aldatzearekin batera, Udalak azterketa sakona egin du eta kalez kale aztertu ditu bide publikotik zuzenean sar daitezkeen eraikinak.
Gainera, Etxebizitzaren Behatokiaren arabera, Donostian 35 m2-tik gorako 5.494 lokal daude gaur egun beheko solairuan (industrialdeetan eta merkataritza-guneetan kokatutako lokalak kanpoan geratzen dira). Horietatik 860 jarduerarik gabe daude, hau da, % 15,7. Martutene, Ategorrieta-Ulia, Añorga edo Altza auzoek nabarmen gainditzen dute ehuneko hori, lokal hutsak % 30 baino gehiago baitira.