Hogeita hiru haur eta gazte sarituko dituzte 37. Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketan

Sari banaketa maiatzaren 23an, 12:00etan, Udaletxean egingo da

2026/05/22 argitaratua

 

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak  Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketaren 2026ko irabazleak saritzeko ekitaldia antolatuko du maiatzaren 23an, larunbata, 12:00etan,  Udaletxeko Udalbatza aretoan. 

6 urtetik 18 urte bitarteko saridunak izango dira ekitaldiaren protagonista nagusiak. Donostiako Udalaren Txistulari Bandaren harreraren ondoren, Sara Cozar aktoreak aurkezpen lanak egingo ditu; Iñaki Salvadorrek eta Miren Gabilondok musika dotorez apainduko dute ekitaldia, eta epaimahaiko kideak ere bertan izango dira lanak irakurtzen, erakusten eta kantatzen laguntzeko. 

1.058 lan  aurkeztu dira

Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketaren 37. edizioan  23 lan saritu dira eta 27 lanek jaso dute aipamen berezia. Parte hartzeari dagokionez, arrakastatsua izan da oso,  22 ikastetxetako ikasleek 1.058 lan aurkeztu baitituzte
                   
37. edizioan saritutako lanak (5 komiki, 4 olerki, 6 ipuin, 3 bertso eta 5 mikroipuin) liburuxka batean bildu dira eta lotura honetan ikusgai daude. Bertan, epaimahaiaren (Iñaki Martiarena “Mattin” komikigilea, Beñat Gaztelumendi bertsolaria eta  Ana Malagon, Arantxa Urretabizkaia, Yolanda Arrieta eta Inazio Mujika idazleak) aipamen berezia merezi izan duten lanen zerrenda ere argitaratu da; 27 lan, hain zuzen ere.

Sormena eta irakurzaletasuna sustatzeko helburuarekin

Irabazle guztiek kulturarekin zerikusia duten produktuak jasoko dituzte sari gisa: ebookak, margotzeko materiala,  argazki makinak  eta abar. Aipatuek,  diplomaz gain, liburua eta 50 euroko bono bana jasoko dute kultur produktuak erosteko.

Koldo Mitxelena Literatura lehiaketak urte asko dituen arren, balio handia izaten jarraitzen du euskararen erabilera eta sormena ikasleen artean sustatzeko. Jon Insausti Alkateak adierazi du “digitalizazioa eta adimen artifiziala gailendu diren garaian, sormena eta irakurzaletasuna sustatzen jarraitzea garrantzitsua da oso. Literatur lehiaketa osasuntsu dago, partaidetza ona da eta kalitatean ere gora egin du, batez ere D eta E kategorian, 12-16 urte bitarteko adin tartean”.