Udala Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Ordenantza berria idazten hasi da
Helburua da benetako berdintasuna bermatzea eta aurretik kontsulta publikoa egingo da, herritarren ekarpenak jasotzeko
2026/11/09 argitaratua
Donostiako Udala Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako lehen Ordenantza idazten hasi da eta hori onesteko prozesuari ekin dio. Tresna arauemaile horrek jarraipena eta izaera iraunkorra emango die Udalak bere berdintasun planen, genero ikuspegiko aurrekontuen, zerbitzuen, programen eta sentsibilizazio jardueren bidez garatutako berdintasun politikei.
Ane Oyarbide Berdintasuneko zinegotziak azaldu duenez, “ordenantza honek udal esparru egonkor, zeharkako eta loteslea finkatu nahi du, hirian emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorra bermatzeko, sexuan eta generoan oinarritutako diskriminazioak prebenitzeko eta desagerrarazteko, eta indarkeria matxistaren prebentzioa eta erantzuna indartzeko”.
Ildo horretan, adierazi du tresna hori “beharrezkoa dela Udalak garatutako konpromisoak eta jardunbide egokiak betebehar juridiko argi, prozedura homogeneo eta bermerako, jarraipenerako eta kontuak emateko mekanismo iraunkor bihurtzeko”.
Ordenantzaren helburu orokorra da Donostian emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra bermatzea, sexuagatiko edo generoagatiko diskriminazio mota oro ezabatuz eta Udalaren jarduera eremuan indarkeria matxista prebenituz. Era berean, Udaleko arau esparru egonkor eta zeharkako bat ezarri nahi du, erabaki publikoetan genero-ikuspegia txertatzea bermatzeko, legegintzaldi-aldaketak alde batera utzita, berdintasunaren arloko Estatuko eta EAEko araudia betetzea indartzeko, inplikatutako eragileen arteko koordinazioa hobetzeko eta segurtasun juridiko handiagoa emateko hainbat eremutan, hala nola kontratazioan, dirulaguntzetan, hirigintzan eta zerbitzuak ematean.
Horretarako, arauak helburu espezifiko hauek izango ditu:
- Genero ikuspegia zeharka txertatzea udal-politika, zerbitzu, programa, plan eta prozedura guztietan.
- Udal aurrekontua egitean berdintasun irizpideak ezartzea, generoaren araberako eraginaren azterketa eta berdintasunerako gastu eraldatzailearen identifikazioa barne.
- Erakunde publiko edo pribatuekin egindako kontratazio publikoan, dirulaguntzetan, hitzarmenetan eta itunetan berdintasun-klausulak aplikatzen direla bermatzea.
- Berdintasuna sustatzea udal enplegu publikoan, prestakuntzan, barne-sustapenean, ordainsarietan, kontziliazioan eta erantzukidetasunean.
- Indarkeria matxista, sexista eta eraso sexistak prebenitzea eta horien aurrean erantzutea, biktimak detektatzeko, artatzeko, bideratzeko, babesteko eta laguntzeko protokolo koordinatuen bidez.
- Sexismorik gabeko hiri bat sustatzea, pertsona guztientzako espazio publiko, ekipamendu, kultura-, kirol- eta aisia-jarduera seguru, inklusibo eta irisgarriekin.
- Emakumeen eta gizonen partaidetza orekatua sustatzea udal-organoetan, lan-mahaietan, epaimahaietan eta herritarrek parte hartzeko prozesuetan.
- Jarraipenerako, ebaluaziorako, gardentasunerako eta kontuak emateko mekanismoak ezartzea berdintasun-politiken inguruan.
- Lankidetza indartzea elkarte feministekin, emakumeen erakundeekin, gizarte-eragileekin, EAEko erakundeekin eta beste gobernu-maila batzuekin.
Ordenantza bat dator Berdintasunerako V. Udal Planaren ildo estrategikoekin. Plan horrek gobernu ona, berdintasuna administrazio jardueran, espazio jasangarriak, parte-hartzea eta komunikazio eraldatzailea lehenesten ditu.
Kontsulta publikoa
Zinegotziak azaldu du astelehen honetatik aurrera Udalak kontsulta publikoa egingo duela ordenantza hau egin aurretik, herritarren, erakundeen, erakunde feministen, gizarte eragileen, eragindako kolektiboen eta, oro har, interesdun guztien ekarpenak jasotzeko.
Interesdunek udalaren web orriaren bidez egin ahal izango dituzte ekarpenak, azaroaren 27ra arte, egun hori barne. Kontsulta publikoaren lehen fase honetan ez da testurik kontrastatuko; aitzitik, herritarrek arauari buruz egindako iradokizunak, ekarpenak eta ideiak jaso nahi dira. Ideia eta iradokizun horiek, hala badagokio, Gobernuak Tokiko Gobernu Batzarrari bidaliko dion testuan txertatuko dira, ondoren batzordeetan eta Udalbatzan eztabaidatzeko.
- Testua Udalbatzaren batzordeetan eztabaidatu aurretik, arau proposamenaren aurkezpen publiko bat egingo da. Bertan, erakunde eta pertsona interesdun guztiek parte hartu ahal izango dute, eta kontsulta publikoaren lehen fase honetan jasotako ekarpenei erantzungo zaie.
- Baina araua egiten parte hartzeko aukera ez da hor amaitzen. Udalbatzan testua hasiera batean onartu ondoren, jendaurrean jartzeko beste izapide bat egingo da, eta pertsona eta erakunde interesdunek alegazioak aurkeztu ahal izango dizkiote testuari. Alegazio horiei erantzungo zaie, eta, hala badagokio, Udalbatzan ordenantza behin betiko onartu aurretik txertatuko dira testuan.
Kontsulta horren bidez, Donostiako Udalak berretsi egiten du konpromisoa duela hiri berdinzaleago eta indarkeria matxistarik gabeko batekin, bai eta bere erabaki eta zerbitzu guztietan genero ikuspegia txertatzen duen administrazio publiko bat izatearekin ere.
Ordenantzak ez ditu berdintasun planak ordezkatuko, horiek osatu egingo ditu: planek neurri zehatzak garatuko dituzte aldi bakoitzean; ordenantzak, berriz, esparru juridiko iraunkorra, printzipioak, betebeharrak, prozedurak eta kontrol-mekanismoak ezarriko ditu.