Udalak Artikutzako ehun urteko haginak babesten ditu

Ezarritako neurriak haginen birsortzeko gaitasuna hobetzen ari dira.

2026/07/03 argitaratua

Artikutzako basoetan, Donostiako Udalak kudeatzen duen Nafarroako gunean, ehun urtetik gorako haginak bizi dira, 400 urtera arte. Taxus baccataren ale horiek balio ekologiko eta kultural handia dute, eta Europa osoan sinbolismoz betetako espezie baten parte dira, milaka urteko bizitza luzeagatik eta hilerri eta baserrietan historikoki egoteagatik ezaguna dena.

Artikutzako Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE), hagina baso naturalen lehentasunezko elementutzat hartzen da. Nahiz eta Europako haginek atzera egin duten berroneratze eskasagatik, pagadiaren lehiagatik eta ingurumen aldaketengatik, Artikutzak interes zientifiko handiko populazioak kontserbatzen ditu. Halere, pagoaren hedapenak eta baso-jarduera zaharrak bertan behera uzteak basoaren oreka aldatu dute, hagina ugaltzea zailtzearekin batera.

2017ko eta 2025eko ikerketak

Egoera horri aurre egiteko, 2017an ikerketa bat bultzatu zen, eta zenbait faktore mugatzaile identifikatu ziren, hala nola argi falta, baso dentsitate handia eta hazien ekoizpen txikia. Diagnostiko horretatik abiatuta, hobetzeko neurri espezifikoak aplikatu ziren, hala nola soilguneak irekitzea pagoak moztuz edo eraztunduz, zuhaixka arinkorrak landatzea, mantenugaiak kontserbatzeko terraza txikiak sortzea eta landare berriak ekoiztea aldaxka bidez.

2025ean ikertzaileek egiaztatu zuten fruituen ekoizpena zazpi urte lehenago erregistratutakoa baino nabarmen txikiagoa izan zela, eta zati bat txandakako fruitu-ematearen ziklo naturalak egotearen ondorio izan daitekeela – alternantzia gisa ezagutzen direnak –, baso espezie askotan ohikoak direnak. Ekoizpen txikiagoa izan arren, ikerketak espeziearen jarraipen zientifikorako alderdi garrantzitsuak nabarmentzen ditu. Adibidez, aztertutako bi sektoreren arteko fruitu-erritmoetan sinkronia handiagoa ikusi zen, eta horrek aukera ematen du populazio horien funtzionamendu ekologikoa hobeto ulertzeko. Halaber, egiaztatu zen ale batzuek ugalketa-erregulartasun nabarmena dutela, baita hain onak ez diren urteetan ere, batez ere bi kokaguneetako batean, non zuhaitz batzuek haziak ekoizteko proportzio egonkorra mantendu zuten.

Gainera, egiaztatu zen hainbat faktorek, hala nola lurzoruaren orientazioak, maldak eta sakonerak, eragin zuzena dutela haginaren ugalketa-gaitasunean, eta giltzarriak ematen dituztela gune natural baliotsu horretan etorkizuneko kontserbazio-estrategiak egokitzeko.

Babestu beharreko ondare naturala

Artikutzako haginak natura-ondare garrantzitsua dira Artikutzarentzat. Kontserbazio lanek eta azken urteotan egindako jarraipen zientifikoak espezie enblematiko zein delikatu baten beharrak hobeto ezagutzeko aukera ematen dute.

Ehun urteko hagin handiek pagadien artean poliki-poliki hazten jarraitzen duten bitartean, Artikutza basoak kontserbatzeko laborategi natural gisa ere finkatu da, zuhaitz berezi horiek belaunaldiz belaunaldi gure paisaiaren parte izaten jarraituko dutela bermatzeko.

Informazio gehiago eta Artikutzako haginari buruzko azterlanak (gaztelaniaz)