Breadcrumb

BANNER LATERAL CONTACTA TXISTULARIS

Aukerak eta Osaketa

Taldearen aukerak eta taldea nola osatuta aurkez daitekeen


Zaila da era laburrean talde honek dituen aukera guztien berri ematea. Bi alor oso desberdinetan ari daitezke gure herri musikariak, dantzarako jotzeaz gainera.

Batetik, giroketa lanetan, edozein festaren inguruan behar den animazioa edo solemnitatea ematen, gertatzen den ekitaldiari indar musikala ematen edo jendea besterik gabe alaitzen. Eta bestetik, entzuteko modukoetan. Kontzertuetan alegia.

Talde eraketak


Baina batean zein bestean hainbat bide dagoenez, onena aukera horietako batzuk zehaztea izango da:

  • TXISTULARI BAKARRA. Txistulari bakar batek modu askotako eskaintzak egin ditzake: alborada edo dantzarako jo, bazkalondoa alaitu, baita pieza entzungarriak eskaini ere. Beste tresna askotan bakardea nabariagoa gertatzen da, ez direlako horren eremu musikal zorrotzean ibiltzen eta perkusio faltarengatik.

    Txistu-danbolinak horixe du: bi tresna batera dira, doinu bizkorra eta erritmoa. Emankizun laburretan, edo beste atal ugari laburrez osatutako ekitaldietan, aukera ona da.

  • HIRUKOTEA. Bi danbolintari eta atabalari bat biltzen dira. Aurrekoaren aukera guztiak mantentzen dituzte eta berriak gaineratu: duoak egin ahal izatea, erritmo aberatsagoak,e.a.
  • TALDE TRADIZIONALA: LAU LAGUN. Ilustrazioaren garaian, XVIII. mendean, ekarritako berrikuntza nabarmena. Bi txistularien ondoan, atabalaria eta txistu handia jotzen duen musikaria datoz. Bosteko bat beherago afinatua, txistu handiak hiru ahotsetako armonia duten obrak jotzeko aukera ematen du.

    Euskal musikari famatu askok (Guridi, Sorozabal, Ondarra, Zubizarreta, Mokoroa, Bastida, Garbizu,...) laukote berezi honentzako obrak sortu dituzte eta emaitza musikal benetan aberatsa lortu. Txistuak hiru tamainu desberdinekoak ere izan daitezke: txilibitua (txikiena), txistua eta txistu handia.

  • ZEREMONIETAKO TALDEA. Badago Ilustrazioaren garaietatik datorren beste ohitura: txistu taldeak tronpetekin doinu heraldikoak jotzea udaletxeetako eta diputazioetako zeremonietan.

    Jenero berezi bat ere badu ohitura honek:Alkate Soinua. Edozein tankerako solemnitateetan laguntza musikal oso ederra gertatzen da txistularien eginkizunaren alderdi hau.

  • GANBERA MUSIKA TALDEA. Hau noski beste tankera bateko lana da. Hasieran esan bezala, gure taldeak forma asko hartzen ditu eta Ganbera Musikan errepertorio eta eskarmentu handia du. Euskal doinuetan oinarrituta euskal musikagileek sortutako obrak batzuetan, beraiek prestatutakoak besteetan, kanpoko musikari ospetsuek antzeko tresnetarako egindakoak (flauta eztirakoak bereziki, txistua bezala mokodun flauta baitira), kontzertuak nahi diren modukoak eta egokieratarakoak prestatzen ditu.