Albisteak

Udal kiroldegietako gimnasioak ekainaren 8an, astelehenean, irekiko dira, Kirol Txartelaren harpidedunentzat bakarrik, %50eko edukierarekin eta aurretik ordua eskatuta

2020-06-04

Aldagelak ekainaren 22an irekiko dira, igerilekuekin batera

Astelehen honetan, ekainak 8, berriro irekiko dira udal kiroldegietako gimnasioak, segurtasun neurri guztiekin eta sartzeko muga batzuekin. Gimnasio guztiak irekiko dituzte, Gascakoa eta Zuhaiztikoa izan ezik. Horiek ekainaren 22an irekiko dira igerilekuarekin batera.

Bi aste hauetan Kirol Txarteleko abonatuek bakarrik izango dute gimnasioetan sartzeko aukera, eta aldez aurretik hitzordua edo erreserba egin beharko da sartu ahal izateko. Aldez aurreko hitzordu horiek Donostia Kirolaren web orriko Abonatuaren Gunean egin beharko dira, baina bulegoetan, instalazioan bertan edo telefonoz ere egin ahal izango dira. Hala ere, web orriaren bidez egitea gomendatzen da.

Erreserbak egun berean edo hurrengo egunean egin ahal izango dira, gehienez ere, eta pertsona eta egun bakoitzeko erreserba bakarra izango da. Erreserbatzen ahal diren ordu tarteek gehienez ordubeteko kirola egiteko aukera emango dute.

Gimnasioen edukiera ohiko edukieraren %50eraino murriztu da, eta web orriaren bidez ere kontsultatu ahal izango da denbora errealean. Ordu tarteak ezarri dira txanda batetik atera eta hurrengotik sartzeko moduan, biak instalazioetan bat etorri gabe.

Edukiera murrizteaz gain, Donostia Kirolak beste segurtasun, garbiketa eta betebehar batzuk ezarri ditu instalazio horien erabiltzaileentzat. Lehenik eta behin, aldagelak ezin izango dira erabili ekainaren 22ra arte, nahiz eta takilak erabiltzea onartzen den. Gainera, gel-banagailuak, makinetarako ihinztagailu desinfektatzaileak eta alfonbra desinfektatzaileak ere jarri dira, eta espazio horien garbiketa osagarriak egingo dira.

Bestalde, gimnasio horietako sarbideetan pantaila batzuk jarri dira, areto bakoitzaren edukiera zehatzaren egoerari buruzko informazioa emateko, semaforo-sistema batekin. Horrela, semaforoa gorri badago, ezingo da sartu inor atera arte. Halaber, erabiltzaileek izerdirako eskuoihalarekin joan beharko dute gimnasiora, eta beste eskuoihal bat gimnasioetako makinekin kontakturik ez izateko.

Astelehenean Carmelo Balda eta Egia pilotalekuak ere irekiko dira. Kirol espazioen ohiko erreserben aplikazioaren bidez erreserbatu beharko dira. Barnealdeko igerilekuak (aldagelekin) ekainaren 22an irekiko dira, eta kanpoaldekoak, berriz, uztailaren 1ean, hondartza-denboraldiarekin bat. Hala ere, Donostia kirolak ekainaren 22an bertan kanpoko igerileku haueak irekitzeko aukera aztertzen ari da.

 Aldez aurretiko hitzorduari buruzko informazio gehiago

Aktualitatea