Albisteak

Udal kirol instalazioek 3.500.000 erabilera baino gehiago izan zituzten 2023an

2024-02-23

Hori da Donostia Kirolak aurkeztutako 2023ko memorian nabarmentzen den datuetako bat, Donostiako kirolaren egoera ona berresten duena.

  • Kirolaren praktika

Kirol Txartelean abonatutako pertsonen kopurua % 5,5 igo da, 48.853ra iritsiz, 2019ko errekorra baino % 1 gutxiago. Altzako Kiroldegi berriaren irekieraren eragina funtsezkoa izan da berreskuratze horretan, eta Antigua/Bentaberri gunearen ondoren Kirol txartelari abonatu gehien ematen dizkion bigarren auzoa da.

Donostia Kirolak 2023an antolatutako jarduera-kanpainetan 30.000 parte-hartzaile inguru izan ziren, pandemiaren aurretik erregistratutakoaren antzeko kopurua. Kirol Ekintzak kanpaina (14.243 parte-hartzaile) eta UDA kanpaina (12.500 parte-hartzaile baino gehiago) izan ziren eskatuenak. Aukeran programak aukera ematen du malgutasun osoko saioetan izena emateko, eta % 37 handitzen du parte-hartzea, baita Kirol Txartelean abonatuei zuzendutako doako jardueren kanpainetan parte hartzea ere.

Piztu Programa, aktibo ez dauden pertsonei zuzendutako jarduera fisikoa egiteko preskripzio, orientazio eta aholkularitzako doako zerbitzua, Osakidetzarekin lankidetzan garatzen dena, Donostiako osasun-zentro guztietara zabaldu da, eta osasun mentaleko zentroetan ere ezarri da. Programa honetako parte-hartzeak % 75eko hazkundea izan du, eta 1.178 pertsona artatu dira.

Udaleko kirol-instalazioen erabilerak errekorra izan zuen 2023an, eta, lehen aldiz, 3.500.000 erabileren muga gainditu zuen, % 12,5eko igoerarekin 2022ko datuarekin alderatuta.

Paco Yoldi kiroldegiak hirian gehien erabiltzen dena izaten jarraitzen du 453.777 erabilerekin, ondoren Zuhaizti dago 363.352rekin eta Altzako Kiroldegia hirugarren postuan finkatzen da 315.259 erabilerekin..

  • Klubak eta kirol-erakundeak ezinbesteko aliatu

2023. urtean, Donostia Kirolak 1.305.550 €-ko (%2 gehiago) dirulaguntzak eman dizkio kirolari. Horietatik 38 ikastetxe eta 79 kirol-klub izan dira onuradun.

Eskola-kiroleko lehiaketek parte-hartze handia izan zuten: matrikulatutako haurren % 70ek kirol anitzeko lehiaketetan parte hartu zuten. Kirol federatuaren esparruan, 11.000 lizentzia federatu baino gehiago daude kadete mailatik senior mailara, eta nabarmentzekoa da emakumezkoen lizentzia federatuen ehunekoak etengabe gora egin duela, lizentzia guztien % 36 baitira.

Azpimarratzekoa da, halaber, Donostiako emakumezkoen kirolak lehen postuan jarraitzen duela Estatuko hiri guztien artean, maila gorenean dauden taldeen kopuruagatik.

Hirian antolatutako proba herrikoietan parte hartzeak gora egiten jarraitu zuen 2023an, 69.000 pertsonaraino, Behobia-SS, Lilaton edo San Silvestre bezalako probak nabarmenduz.

Bestalde, kirol ekitaldien egutegian 2023 proba garrantzitsu sartu ziren, hala nola Frantziako Tourra, emakumezkoen pilotaren Hiru Hiriburuak Txapelketa, emakumezkoen eskubaloiko Iberiar Superkopa edo Atano III.eko pilota profesionaleko partiden berreskurapena, baita Donosti Cup, Lilaton, Maratoia, SS-SS Klasika edo Behobia bezalako proba tradizionalak ere.

  • Kudeaketa eraginkorra, arduratsua eta jasangarria

Donostia Kirolak bere kudeaketa-ereduaren garapenean aurrera egiten jarraitzen du. Eredu horrek erreferente bihurtu du esparru horretan, eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa aurreratua aintzatesten duen Euskadiko kirol-zerbitzu bakarra izaten jarraitzen du.

Arlo ekonomikoan, Donostia Kirolak % 18,70 igo ditu herritarrei eskainitako kirol zerbitzuengatiko diru-sarrerak, eta, ondorioz, autofinantzaketaren ehunekoa % 51raino igo da, 2022an baino 4 puntu gehiago, energia garestitzearen ondorioz, besteak beste, funtzionamendu gastuak igo diren arren.

Donostia Kirolaren konpromiso soziala hainbat ekimenetan islatzen da, pertsona guztiek kirola egiteko aukera izan dezaten, beren baldintza ekonomiko edo sozialak alde batera utzita, Kirol Txartel Soziala bezalako programekin, harrera-etxeekin, errefuxiatuei arreta ematen dieten erakundeekin eta abarrekin egindako akordioekin. Konpromiso hori balantze sozialean jasotzen da, 2023an 760.000 eurotik gorakoa izan baitzen lehen aldiz.

Ingurumen-jasangarritasunaren ardatzari dagokionez, erregistratutako erabilera bakoitzeko energia-kontsumoaren %24ko murrizketa aipatu behar da, baita udal-instalazioetako kirol-jarduerarekin lotutako CO2 isurketen % 11 gutxiago ere, Yoldin eguzki-plakak instalatzeari eta aplikatutako energia-eraginkortasuneko beste neurri batzuei esker.

  • Erabiltzaileen gogobetetzea

Erabiltzaileek udaleko kirol-zerbitzuei buruz duten pertzepzioak balorazio ona izaten jarraitu du 2023an. Instalazioen erabiltzaileen batez besteko balorazioa nota mantendu zen, 7tik gora, eta Kirol Ekintzak edo UDA kanpainetako ikastaroek 10etik 8ko nota izan zuten.

 
 Memoria 2023
 

Aktualitatea