Albisteak

Kirol Txartelaren abonatuek BPXsport-ek kudeatzen duen Loiolako Erriberetako gimnasio berria ere erabili dezakete

2021-03-02

 

Otsailaren 22tik aurrera Kirol Txartelaren abonatuek kirol gune berri bat daukate kirola egiteko. BPXsport enpresak, Loiolako Erriberetako Udalaren kirol instalazioen kontzesiodunak, instalazio hori eraberritzeko egiten ari den obra garrantzitsuaren lehen fasea amaitu du.

Instalazio horrek baditu dagoeneko kirolerako gune berriak eta desberdinak: ia 700 metro koadroko fitness gela handi bat, azken belaunaldiko ekipamenduarekin, jarduera fisikoaren jarraipena barne, bai zentroaren barruan bai kanpoan, bere teknikari-taldeak gainbegiratutako eta zuzendutako aplikazio baten bidez, zuzendutako jardueren lau areto eta entrenamendu funtzionaleko bi gune, non 16 jarduera baino gehiago egingo baitira eta hilean 5.000 plaza baino gehiago egongo baitira.

Txikienentzako ludoteka ere badu. Horri kanpoko espazioak gehitu behar zaizkio: padeleko 8 pista, futboleko 5 zelai, futbol 7ko bat eta softball zelaia. Gainera, bigarren fasean, lur azpiko aparkalekua, fisioterapia zerbitzua eta ostatu-jatetxe berria izango ditu.

Zentro berriak ordutegi zabala du: 07:00etatik 23:00etara astelehenetik ostiralera (gaur egun 21:00ak arte osasun-murrizketengatik) eta 09:00etatik 21:00ak arte larunbat eta igandeetan.

Donostia Kirolak BPXsport enpresa kudeatzailearekin adostu du Kirol Txartelera abonatutako pertsonak aukera izatea 700 m2-ko fitness aretora sartu eta libreki erabiltzeko, makina kardiobaskularrez eta azken belaunaldiko muskulazioz hornitua dagoena. Donostia Kirolak enpresa kudeatzailea konpentsatuko du Kirol Txartelak egiten dituen erabilerengatik.

Eskainitako gainerako zerbitzuetarako (jarduerak, ludotekak, entrenamendu pertsonalizatua, aplikazioaren erabilera, etab.), ezarritako prezioak ordaindu beharko dira. Alde horretatik, Kirol Txartelarik ez duten pertsonentzat, kirol zentro berri honek hileko kuota eskaintzen du (50 €/hileko, banakakoa, eta 85 €/hileko, familiartekoa). Tarifan sartzen dira fitness aretorako sarbide mugagabea eta jarduera guztiak, MyWellness segimendurako aplikazioa eta zentroko ekipamenduaren konektibitate guztia, aparkalekua doan erabiltzea egunean 1,5 orduz, ludoteka zerbitzua egunean euro bat bakarrik ordainduta eta prezio onuragarriagoak padel eta futboleko pisten alokairuetan, bai eta eskaintzen diren bestelako zerbitzuetan ere.

Aktualitatea