Albisteak

Kirol Ekintzak 2021/22 kanpainak 20.000 plaza baino gehiago eskaintzen ditu kirol jardueren 1.360 ikastaroetan

2021-06-01

Donostia Kirolak antolatutako “Kirol Ekintzak 21/22” Kirol Jardueren Kanpainak 20.550 plaza eskainiko ditu datorren ikasturterako. Eskaintza hau amaitu berri den ikasturtekoaren antzekoa da, baina zabaldu egin daiteke, baldin eta egungo edukiera-murrizketak aldatzen edo ezabatzen badira. 2020/21 kanpainako parte-hartzea 10.000 pertsonatik gorakoa izan da, pandemia aurrretik antolatutako kanpainetako emaitzak baino %35 txikiagoa.

 

JARDUEREN ESKAINTZA

Programa berri honen bidez, 80 kirol-modalitate baino gehiago aukera daitezke adin guztietarako, bai igerilekuan (igeriketa, uretako mantentze-lanetako gimnasia, bizkarreko terapia...), bai aretoan (ziklo-indoor, pilates, GAP, TRX, Cross Training, gimnasia, 65 plus, judoa, hipopresiboak...), pistetan (tenisa eta padel) eta aire librean (running, piraguismoa, padel surfa, surfa…).

 

IZENA EMATEKO PROZESUA

Bentaberri, Bidebieta, Etxadi, Intxaurrondo, Paco Yoldi, Egia, Altza eta Belodromoko plazak zozketaren bidez esleituko dira. Horretarako, interesdunek ekainaren 7tik 15era egin beharko dute aurretiko izenematea. Webgunearen bidez (donostiakirola.eus) aurreinskripzioa egitea gomendatzen da, baina Donostia Kirolaren bulegoetan eta Bidebieta, Bentaberri, Egia, Paco Yoldi, Etxadi, Altza eta Intxaurrondoko kiroldegietan ere jasoko dira. Zozketa ekainaren 21ean egingo da.

 

Udalaren gainerako kirol instalazioetarako (Zuhaizti, Manteo, Mons, Pio Baroja, Tenis Ondarreta eta Arte Martzialen Aretoa), interesa dutenek klub kudeatzailearekin jarri beharko dute harremanetan, horietako bakoitzean antolatzen diren jardueretan izena emateko prozesua kontsultatzeko.

 

KIROL EKINTZAK AUKERAN

Ohiko ikastaro-eskaintza horretaz gain, Donostia Kirolak Kirol Ekintzak Aukeran zerbitzuari eusten dio. Sistema malgua da, eta pertsona bakoitzak bere kirol jardueraren plangintza egin dezake, instalazioa eta jarduera hautatuz, bai eta saio bakoitzaren eguna eta ordua ere. Hileko kuota bat aukera daiteke edo astero eguneratzen den programazio zabal bateko saio solteak erreserba daitezke. 2020/21 ikasturtean 4.000 saio baino gehiago erreserbatu dira zerbitzu honen bidez.

 

BILATU ZURE IKASTAROA

Aktualitatea