Donostia Kirolak Altzako Udal Kiroldegiko gimnasioa handituko du erabiltzaile kopuruari erantzuteko

2026-01-24

 

Donostia Kirolak Altzako Udal Kiroldegiko gimnasioa handitzeko obren lizitazioa onartu berri du. Espazio horretan erabiltzaile kopurua nabarmen handitu da 2022an ireki zenetik.

Gaur egungo gimnasioak 400 metro karratuko azalera du, eta 600 metro karraturaino handituko da aurten. Horrela, Altzako gimnasioa, Paco Yoldi eta Zuhaiztiren gimnasioekin batera, kirol instalazioen udal sareko zabalenetako bat izango da.

Handitzea hasiera batean kafetegirako aurreikusitako espazioan egingo da, kiroldegira sartzeko atondoan. Proiektuak barne eskailera bat eraikitzea aurreikusten du, egungo gimnasioa eremu berriarekin lotzeko. Jarduera horri esker, gimnasioko espazioak berrantolatu ahal izango dira, pisu libreko eremuari protagonismo handiagoa emanez, erabiltzaileek gehien eskatzen dutenetako bat baita, eta, gainera, makina eta material espezifikoen hornidura handituko da. Era berean, luzaketak eta lan funtzionala egiteko eremu gehiago prestatuko dira, eta gehien eskatzen diren makinetako batzuk gehituko dira, hala nola poleen arkua, bizikleta bertikalak eta eliptiko motzak.

 

Obrak egiteko epea lau hilabetekoa izango da, esleitzen direnetik, eta, beraz, uda ondoren amaituta egongo da. Aurreikusitako inbertsioa 286.530 eurokoa da.

Jarduera hau kiroldegi honetan urtarrilaren 1ean abian jarri berri den ordutegi-luzapenari gehitu behar zaio, 7:00ean irekitzen baita astelehenetik ostiralera eta 8:00etan larunbatetan. Bi neurrien helburua da udal kirol zentro horren erabilera gero eta handiagoari erantzutea, 2025ean 337.000 erabilera baino gehiago izan baititu.

Igoera horren zati handi bat gimnasioari dagokio, 150.000 sarrera baino gehiago izan baititu, eta egunean, bataz beste, 400 pertsona  inguru sartzen dira,  egun batzuetan 800 pertsona baino gehiago. Gimnasioaren egungo edukiera 80 pertsonakoa da, eta muga hori hainbat aldiz lortu da. Aurreikusitako handitzearekin, edukiera 120 pertsonaraino handituko da, eta, horri esker, kirola egitean erosotasuna eta kalitatea hobetuko dira.

Udal gimnasioen erabilera handitzeak lotura estua du espazio horietan gero eta gazte gehiago egotearekin. Izan ere, 16 eta 25 urte bitarteko adin-taldea da azken urteetan abonatutako pertsonen kopuruan hazkunderik handiena izan duena. 2024an, adin horietako Donostiako biztanleen % 55ek zuten Kirol Txartela.

Horregatik, Donostia Kirolak udal gimnasioak hobetzeko planarekin jarraituko du, eta aurreko urteetan Yoldi, Etxadi, Zuhaizti eta Loiolako Erriberetan egindako esku hartzeez gain, Bidebieta eta Egiako gimnasioak epe laburrean osorik berritzeko aukerak aztertzen ari dira (renting bidez).

Aktualitatea