Albisteak

Donostia Kirola gune segurua kirola egiteko

2021-03-11

COVID 19a dela-eta Kirol Txartelaren abonatu kopuruaren jaitsiera aurreikusitakoa baino txikiagoa izan da, eta abonatuek Donostia Kirolak ematen dituen zerbitzuak oso ondo baloratzen dituzte

 

Donostia Kirolak 2020an erakutsi du hiriak gune seguruak dituela kirola egiteko, nahiz eta COVID19ak eragindako osasun-krisiak udal kirol instalazioak kudeatzeko esfortzu handiagoa eskatu duen. Horrela erakusten dute aurkeztutako memoriaren emaitzek, baita erabiltzaileek ere, izan ere Donostia Kirolak 2020an eskaini dituen zerbitzuen balorazio oso positiboa egin dute.

Behin martxoan kirol instalazioak ixteko dekretua beteta, Donostia Kirolak modu azkarran erantzun zuen eta astebetean hainbat online ikastaro eskaini zituen, eta gainera abonatuei hasieratik zegokion informazioa helarazi zien. Horiek horrela, lehengo egunetik lanean hasi zen instalazioak berriro irekitzeko aukera ematen zenerako plangintza batean. Eta bertan, segidako neurriak hartzen joan zen: uneko edukierak kudeatzeko sistema baten garapena; aurretiko hitzordua kudeatzeko edo itxiera dela-eta kuotak itzultzeko moduak; segurtasun neurriak eta protokoloak zehaztu; eta normalean udan egiten diren geldialdi tekinikoak egin.

Horri guztiari esker Donostia Euskadiko lehenetarikoa izan zen kirol instalazioak irekitzen eta ohiko ekintza jarduerak eskaintzen – UDA, Eskola igeriketa, Kirol Ekintzak, Aukera –, betiere, egoerari egokituta. Une horretarik aurrera, Donostia Kirolak modu eraginkorrean dekretu ezberdinek ebatzitakoari moldatzen joan da zerbitzu guztiak eskaintzen jarritzeko, eta finean, hiriko kirol instalazioak kirola egiteko gune segurua izateko. Eta hori guztia islatu da urteko memoriak aurkezten duen balantzean.

 

Kirol Txartela eta kirol ekintzak

Pandemiak eten egin du azken urteetan Kirol Txartelaren abonatuen kopuruan gertatu izan den igoera, eta 2020ko abenduaren 31ko datuek erakusten dute abonatuen kopurua %6,4 gutxitu dela, eta beraz, Kirol Txartelak 46.241 abonatu ditu. Horietatik %46,5 emakumeak dira, iaz baino puntu bat gehiago. Gainera, 65 urtetik gorako abonatuen kopuruak gora egin du, eta abonatuen %9,7 dira – 2019an %9 ziren –.

Era berean, Donostia Kirolak antolatu dituen hiru kanpainetako jardueretako – UDA, Kirol Ekintzak, Aukeran – parte hartzea gutxitu da (%12). Dena dela, kontuan hartu behar da pandemiaren ondorioz talde txikiagoak osatu behar izan direla. Horiek horrela, ia 30.000 pertsonek (29.677) parte hartu dute antolatu diren ekintzetan.

 

Instalazioen erabilera

Udal kirol-instalazioen erabilera erdira gutxitu da, eta arrazoi nagusiena da konfinamenduaren ondorioz gertatutako instalazioen itxiera. Era berean, eskola kirolaren zein federatuen kirolaren jardueretan egondako etenaldiak, bai entrenamenduetan, bai lehiaketetan, eragin du instalazioak gutxiago erabiltzea. Hortaz, instalazioetara egondako sarrerak 2019an 3,1 milioitik 2020an 1,5 milioira pasa dira.

Paco Yoldi kiroldegia da gehien erabiltzen jarraitzen den instalazioa 250.000 sarrerekin. Jarraian Berri (187.000), Zuhaizti (135.000), Bidebieta (134.000), Intxaurrondo (133.000) eta Etxadiko (130.000) kirol-instalazioak daude.

 

Kirolaren sustapena eta lehiaketak

2020an kirol proba eta ekitaldi gehienak bertan behera gelditu dira, eta ondorioz, Donostia Kirolak ematen dituen diru-laguntzen kopurua %18 gutxitu da. Dena dela, 2020an 11 kirol ekitaldi egon dira Donostian, besteak beste, Uliako Gimnastikaren krosa, Nazioarteko Igeriketa Txapelketa, Kontxako estropadak edo futboleko Women Champions League-aren finala.

Nahiz eta kirol ekitaldi gutxiago egon diren, emakumeen zein gizonen hiriko taldeek maila gorenetan duten presentzia mantendu da, eta beste behin ere, emakumeen kirol taldeen kopurua nabarmendu behar da, izan ere, 9k parte hartzen dute mailarik gorenean eta, beraz, hiria erreferente da emakumeen kirolan.

Halaber, Donostia Kirolak Urrezko Kirol Txartela eman die 21 kirolari indibiduali eta 4 talderi, parte hartu duten estatu mailako zein nazioarteko hainbat txapelketatan izandako emaitzengatik.

 

Kudeaketa zuhurra, eta gizartearekin zein ingurumenarekin koprometitua

Donostia Kirolak 2020a amaitu du gastuen aurrekontuaren %70,77ko exekuzioarekin. Eta arrazoi nagusiena da kirol instalazioen itxiera konfinamenduak iraun duen hilabeteetan. Kontuan eduki behar da, nahiz eta instalazioak itxita egon diren, Donostia Kirolak monitoreen zein sorosleen enpresei diru-ekarpena egin diela, langile horien soldatak ordaindu ahal izateko. Bestalde, diru-sarreren aurrekontuaren exekuzioa %74,35koa izan da, gehienbat, instalazioak itxita egoteagatik eta ikastaroak bertan behera uzteagatik abonatuei zein izena emanda zutenei dirua itzuli zaielako. Guztira, Donostia Kirolak 863.999 euro itzuli ditu.

Horrenbestez, Donostia Kirolaren autofinantziazioa bi puntutan gutxitu da, eta %52,48koa da.

Era berean, pandemiak Donostia Kirolak egiten duen balantze sozialan eragina izan du. Balantze honetan sartzen dira urtero egiten diren hainbat ekintza pertsona guztiek kirola egiteko aukera izateko, euren baldintza ekonomiko eta sozialak zernahi diren ere. Eta ekimen horien barruan daude, besteak beste, Kirol Txartela Solidarioa edo Kirol Txartela Soziala, baita hainbat abegi etxerekin edo errefuxiatutako pertsonekin lan egiten duten hainbat elkarterekin egiten diren ekintzak ere. Horiek horrela, kirol instalazioen itxieraren ondorioz, ekintza gutxiago egin dira eta, beraz, balantze soziala jaitsi da eta 461.000koa izan da.

Gainera, jarduera gutxiago egon denez, kirol instalazioetatik atmosferara isurtzen den CO2a %23 gutxitu da.

 

Dokumentuak

Aktualitatea