Albisteak

Doako kirol jarduerak Kirolaren Europako Astean

2021-09-20

Kirolaren Europako Astea Europako Batzordearen ekimena da, Europa osoan kirola eta jarduera fisikoa sustatzeko. Kanpainaren gai nagusia “#BeActive” da, eta pertsona guztiak animatzen ditu aste horretan eta urte osoan aktibo egon daitezen.

 

Europako Kirolaren Astea dela eta, irailaren 27tik (astelehena) urriaren 1era (ostirala), Donostia Kirolak kirol-jardueren programa zabala antolatu du, eta 1.400 plaza eskainiko ditu 97 saiotan. Horietan, ziklo indoor, pilates, GAP, latinzumba, tonifikazioa, mantentze-gimnasia edo dantza latinoak egin ahal izango dira.

 

Oraindik ere Covid19k edukiera mugatua duenez, jarduera hauek Kirol Txartelaren abonatuentzat bakarrik izango dira. Arrazoi berengatik, aurten ere ez dira ate irekien ohiko jardunaldiak egingo. Saio horiek doakoak izango dira eta izen-ematea on-line egitea gomendatzen da, donostiakirola.eus webgunearen bidez. Halere, ematen diren kiroldegietan ere egin daitezke.

 

Kirol Ekintzak kanpainako ikastaroen hasiera

Doako jarduera horiek egin ondoren, urriaren 4an hasiko dira Kirok Ekintzak 2021/22 kanpainako urteko ikastaroak. Orain arte izena eman duten pertsonen datuak adierazten duenez, ikasle kopurua berreskuratzen ari da iazkoarekin alderatuta. Izan ere, gaur arte., 5.400 lagunek eman dute izena, iaz baino %35 gehiagok.

 

Izen ematea zabalik egongo da plaza libreak dauden bitartean. Donostia Kirolak online izena ematea gomendatzen du, donostiakirola.eus webgunearen bidez.

 

Gogoratu behar da, halaber, Aukeran Kirol Ekintzak zerbitzua mantentzen dela, eta, horren ondoren, saio zehatza aukera daitekeela (jarduera, kiroldegia...). Asteko parrilla batean egin nahi den eguna eta ordutegia, eskainitako ehunka ikastarorekin.

Aktualitatea