Bera Berako Plaza
Bera Bera 2020tik dago berrurbanizazio prozesu batean murgilduta, eta, besteak beste, galtzadak, espaloiak, sarbideak eta abar berritzen ari dira. Proiektu eta Obra Zuzendaritza da obraren arduraduna, Mugikortasun Zuzendaritzak ere parte hartu zuen prozesu horretan, eta denbora horretan guztian Herri Partaidetzako Zerbitzuak kudeatzen du Udalaren, Bera Bera Agrupazioko auzo elkartearen eta bizilagunen arteko harremana.

Eremuaren zabaltasuna eta lanen kostua ikusita, Donostiako Udala faseka egiten ari da obra.
Obrak hasi aurretik eta obrak egin bitartean, auzo elkartearekiko harremana etengabea izan da, bai diseinuari dagokionez, bai gauzatzeari dagokionez; izan ere, kasu batzuetan, bizilagunek obra partikularrak egin behar izan dituzte, udal-obrarekin koordinatuta.
Plaza
Bera Berako erdigunean dagoen espazio fisiko nagusia den plazaren etorkizunari buruz elkarrekin hausnartzeko beharra planteatu zuen Auzo elkarteak: parkea eta kirol gunea, ostalaritza eta merkataritza, berdegunea...
2024ko maiatzean, Udalak antolatuta, auzotarrei irekitako bi bilera egin ziren, espazio horren etorkizuna diseinatzeko hainbat ikuspuntu txertatzeko.
Batez beste, 30 pertsonak parte hartu zuten: guztiak auzoko bizilagunak eta baita Aieteko bi auzo-elkarteei lotutako pertsonak, nahiz eta batzuk partikular gisa joan bileretara; merkatarien eta ostalarien ordezkariek ere parte hartu zuten.
Landutako gaiak
Bileretan egiaztatu zen Bera Bera bizi-kalitate handiko gunea dela, baina hobekuntzak behar dituela, bai plazarekin berarekin lotutako gaietan (plaza birdiseinatzea eta aparkalekuak berrantolatzea, basoko ibilbideak...), bai auzoko beste eremu batzuetan: argiztapena, abiadurak, espaloien eta eskaileren irisgarritasuna...
Auzoaren batez besteko adina ere igotzen ari da, eta horrek mugikortasuna baldintzatzen du: autoen eta aparkalekuen erabilera, garraio publikoa... Auzotarrek zein auzora joaten diren edo kirol-instalazioak erabiltzen dituzten beste pertsona batzuek erabiltzen dituzte aparkalekuak, baita autobusek edo banaketa enpresek ere: horregatik guztiagatik, plazatik gertuen dauden aparkalekuak eta aparkaleku handia eztabaidagai izan ziren, eta espazio guztien arteko oinezkoen loturari buruz ere hausnartu zen.
Oso positiboki baloratu zen plazan hurbileko zerbitzuak egotea, eta, ondorioz, beharrezkoa ikusten da babestea merkataritza-erabilerak eta beraien lana ez zailtzea, hau da, saihestea merkataritza hostalaritza arriskuan jar lezaketen aldaketak eta beti pentsatzea nola suspertu merkataritza-eskaintza hori eta nola indartu haren erabilera.
Beharrezkoa ikusten da plazetako elementuak modernizatzea (haur-parkea eta kantxak, lorategi-gunea...), babestea gune horiek aparkatutako autoen espaziotik eta basoarekiko lotura hobetzea.
Lehen bileran ideiak trukatu ondoren, bigarrenean informazio guztia plano batean islatzen saiatu ziren, eta talde txikietan elkarturik landu ziren ekarpenak.
Lortutako informazioarekin, Proiektu eta Obren Zuzendaritzak pleguak prestatu zituen lizitazio bat irekitzeko eta proiektua idatziko duen enpresa hautatzeko: proiektuaren idazketa fasean bilera gehiago egingo dira auzoan, plazarako diseinuaren lehen bertsioak kontrastatzeko.
Proiektua idatzita dagoenean, lehentasunen eta udal-plangintzaren barruan, eta aurrekontua dagoenean, plaza berritzeko lanak egingo lirateke.