Udalak “Ezer ez delako amaitzen” antzezlana aurkeztuko du
Maiatzaen 8an, arratsaldeko 19:30ean, Erbesteko biktimak Oroitzeko eta Omentzeko Egunean
2026/05/06 argitaratua
Donostiako Udalak, Giza Eskubideen atalaren bitartez, Erbesteko biktimak Oroitzeko eta Omentzeko Egunean, “Ezer ez delako amaitzen” antzezlanarekin erbestea hartu behar izan zuten milaka euskal haurrak oroituko ditu, maiatzaren 8an, ostirala, arratsaldeko 19:30etan, Antzoki Zaharrean.
1936ko kolpe faxistaren ondoren, milaka haur euskaldun erbesteratu ziren. Haien istorioak, ordea, ez dira iraganeko orri itxiak: gaurko gazteen galdera, beldur eta ametsekin gurutzatzen dira.
Ezer ez delako amaitzen antzezlan multidiziplinarra da, Loraldia Eskola lerroaren baitan sortua eta Euskal Herriko leku ezberdinetako 5 ikastetxetako ikasleekin elkarlanean eraikia izan da. Antzerkia, musika eta mugimendua uztartuz, collage moduko pieza garaikide bat osatzen du: haur erbesteratuen testigantzak eta gaur egungo gazteen begirada eszenatokian elkartzen dira.
Ikuskizunak memoria historikoa eta egungo errealitatea lotzen ditu, faxismoa, arrazakeria eta indarkeria berriro ager ez daitezen. Euskaraz sortutako lan kolektiboa da, publiko gazte eta helduarentzat egina, emozioa eta hausnarketa uztartzen dituena.
Giza Eskubideen sailak eta Donostia Kulturak sustatutako emanaldia 5 €ko kostua du eta sarrerak Donostia Kulturako webgunean edo Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia antzokiko leihatiletan eskuratu daitezke.