Udalak areagotu egin du botatzen diren hondakinen gaineko kontrola

Uztailaren lehen hamabostaldian tamaina handiko hondakinen bilketa % 11 handitu da

2026/07/17 argitaratua


Donostiako Udalak, Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako Zuzendaritzaren bitartez, erantzukizunez jokatzeko eskatu die herritarrei, azken asteotan lehen baino tamaina handiko hondakin, altzari, tresna eta obra-hondakin gehiago bota baitira baimendutako leku, egun eta orduetatik kanpo.

Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi Iñigo García adierazi du Udalak ikuskapen eta kontrol lanak indartuko dituela puntu gatazkatsuenetan, eta gogorarazi du jokabide horiek Hondakinen Udal Ordenantzaren arau-haustea direla eta zehapena jarri dakiekeela. «Biltzeko sistema bat dago, bai eta ezarritako egun eta ordutegi batzuk ere, eta errespetatu behar dira. Hiriak ezin du onartu etxebizitza bat husteak edo eraberritzeak sortutako hondakinak edukiontzien ondoan uztea. Garrantzitsua da pertsona guztiek hondakin horiek behar bezala kudeatzeko prestatutako zerbitzuak erabiltzea».

Tamaina handiko hondakinak uzteko egunak eta orduak

Udal araudiak ezartzen duenez, altzari, tresna eta hondakin handiak 21:30etik aurrera bakarrik utzi ahal izango dira edukiontzien ondoan, alde bakoitzari esleitutako egunetan:

  • Ekialdea: astearte, ostegun eta igandeetan.
  • Mendebaldea: astelehen, asteazken eta ostiraletan.

Elementu horiek baimendutakoak ez diren egun edo orduetan botatzea, espaloietan uztea edo oinezkoen joan-etorria eragozteko moduan jartzea udal araudiaren arau-haustea da. Udalak gogorarazi du zerbitzu hori altzarietarako eta etxeko tresnetarako baino ez dela erabili behar. 

Debekatuta daude hondakin arriskutsuak eta obra-hondarrak

Hiriko edukiontziak etxeko hondakinen zatikietarako instalatu dira, eta horretarako baino ezin dira erabili. Debekatuta dago edukiontzi horien barruan hauek bezalako materialak botatzea edo inguruetan uztea:

  • Pinturak eta disolbatzaileak.
  • Motor-olioak.
  • Pneumatikoak eta bateriak.
  • Fluoreszenteak.
  • Sanitarioak.
  • Obra-hondakin eta hondarrak.
  • Merkataritza edo lanbide jarduerek sortutako hondakinak.

Material horiek baimendutako garbiguneetara edo puntu garbietara eraman behar dira; bestela, horretarako prestatutako zerbitzu mugikorrak erabili behar dira; beste aukera bat da material horiek baimendutako enpresek kudeatzea, baldin eta eraberritze edo jarduera profesional baten ondorio badira.

Zehapen-araubidea

Hondakinak baimendutako leku, egun nahiz orduetatik kanpo uzteagatik zehapenak jarri daitezke, Hondakinen Udal Ordenantzarekin bat. Arau-hauste larriengatik isuna 1.000 euroraino irits daiteke. Larritzat jotzen dira, besteak beste, honako hauek: tamaina handiko hondakinak edonon edo edonoiz botatzea, zaborra edukiontzietatik kanpo uztea edo hondakinak axolagabe kudeatzea.