Udalak gehiago kontrolatuko ditu tamaina handiko hondakinak, ordutegitik kanpo bota ez daitezen
Aurten, 47.645 abisu jaso dira tamaina handiko hondakinak utzi behar ez diren egun, ordu eta tokietan utzita egoteagatik
2026/09/25 argitaratua
Donostiako Udalak tamaina handiko hondakinak bide publikoan botatzeari buruzko kontzientziazio eta kontrol neurriak indartuko ditu:
- mota horretako hondakinak hobeto biltzearren
- behar ez den moduan bota ez daitezen
Alde batetik, Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako Sailak 1.300 informazio-binilo jarriko ditu hiriko edukiontzietan, A3 formatuan, modu argi eta ikusgarrian gogorarazteko zer egunetan eta ordutan utzi behar diren altzariak, koltxoiak, etxetresna elektrikoak eta etxeko beste tresna batzuk. Eta, bestetik, Udaltzaingoak kontrola eta zaintza areagotuko ditu.
Neurri horri esker, pausu bat gehiago eman nahi dugu behin eta berriz errepikatzen diren egoerei erantzuteko: altzariak eta edozein motatako objektuak edukiontzien ondoan uzten dira edozein egunetan eta edozein ordutan. Elementu horiek espaloiak okupatzen dituzte eta zirkulazioa oztopatzen dute. Kasu batzuetan, gainera, tamaina handiko hondakinak biltzeko udal zerbitzuak jaso behar ez dituen objektuak ere uzten dira bide publikoan.
Hondakinen kudeaketa, prebentzioa eta birziklapena >
250 abisu egunero
Udalak emandako datuek egoeraren larria islatzen dute. Aurten, tamaina handiko hondakinen presentziari lotutako 47.645 abisu jaso dira, hau da, egunean 250 abisu inguru. Gainera, botatako hondakinen % 20 baino gehiago Udal Ordenantzak ezarritako egunetatik kanpo botatzen dira, eta, hala, garbiketa-zerbitzuek hainbat gorabehera kudeatu behar izaten dituzte. Sistema behar bezala erabiliz gero, hori ez litzateke beharrezkoa izango.
2026ko abuztuaren 31ra arte, 1.521,40 tona hondakin handi bildu dira, hau da, 2025ean baino % 3,11 gehiago, epe berean. Kopuru horri beste 1.405.660 kilo gehitu behar zaizkio: obra-hondakin, igeltsu, kristal, teila, zeramika eta bestelako materialak, udal zerbitzuek edukiontzien ondotik kendu behar izan dituztenak, bai eta kontrolatu gabeko tokietan botatakoak ere.
Zigorrak
Ez betetzeak 1.000 eurorainoko isunak ekar ditzake.
Udalak gogorarazi du altzariak eta tamaina handiko hondakinak botatzeko, Hiri Hondakinak Biltzeko Udal Ordenantza bete behar dela. 43. artikuluak zehazten du zer elementu utzi daitezkeen eta zer baldintzatan jarri behar diren edukiontzien ondoan; 44. artikuluak, berriz, hiriko alde bakoitzari dagozkion egunak ezartzen ditu, eta ordutegia finkatzen du: 21:30etik 22:30era.
68. artikuluak arau-hauste larritzat jotzen du, altzariak edo tresnak botatzen direnean, Ordenantzaren 43, 44, 53 nahiz 54. artikuluetan ezarritakoa urratzea.
Bestalde, 69. artikuluak 501 eta 1.000 euro arteko isunak ezartzen ditu arau-hauste larrietarako. Gainera, arau-hausleak behartuta daude abandonatutako hondakinak kentzera eta zikindutako eremua garbitzera, dagokien zehapena gorabehera.
Era berean, gogorarazten da bide publikoan utzitako tresnen artean berriro bilatzea debekatuta dagoela eta, era berean, zehagarria dela.
Egunak eta ordutegiak
Zerbitzuak altzariak, tresnak, koltxoiak eta somierrak, etxetresna elektrikoak, telebistak eta etxeko tresna elektriko eta elektroniko txikiak jasotzen ditu, eta, gero, sailkatu eta tratatzeko beste toki batera eramaten ditu.
Bilketa antolatzeko, Donostia bi eremutan banatuta dago:
• Ekialdean, tamaina handiko hondakinak igande, astearte eta ostegunetan utz daitezke.
• Mendebaldean, berriz, astelehen, asteazken eta ostiraletan.
Bi kasuotan, ordutegia 21:30etik 22:30era da bakarrik. Hondakinak ezin dira larunbatetan utzi, ezta abenduaren 24an eta 31n ere. Udal bilketa hurrengo egunean egiten da.
Altzariak eta tresnak hondakinen edukiontzi komun edo orokorraren ondoan jarri behar dira, oinezkoen pasaera eta ibilgailuen zirkulazioa oztopatu gabe, eta ahalik eta eragozpen gutxien eraginez. Garbiguneetara ere eraman daitezke zuzenean.