Berrikuntza sustatzeko eta kirolaren industria eraldatzeko aliantza sendotu du Sportek Hubek
Lankidetza-hitzarmen berri bat sinatu da kirol-berrikuntzaren ekosistema irekia sendotzeko, eta garrantzi berezia emango zaio emakumezkoen SportsTecharen alorrari
2026/09/16 argitaratua
2021ean sortu zen Sportek Hub, balio erantsi handiko kirol-industria sendotzeko asmoz, eta, ordudanik, inpaktua duen berrikuntza eta negozio, produktu eta zerbitzu berriak bultzatu ditu. Bokazio oso argia du: kirola, teknologia, enpresa, ekintzailetza eta ikerketa lotzea, kirol-industria berritzaile, lehiakor eta jasangarriago bat eraikitzeko.
Sportek Hub baterako ekimen bat da, zeinean aktiboki parte hartzen baitute Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, BIC Gipuzkoak, Eibarko Udalak eta Donostiako Udalak, bai eta kirolaren, teknologiaren eta enpresaren ekosistemako beste eragile garrantzitsu batzuek ere. Erakundearteko lankidetza horrek hubaren izaera estrategikoa eta eskualdean duen inpaktua sendotzen ditu.
Bazkide sustatzaileekin batera —Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eibarko Udala eta Donostiako Udala—, hainbat programa eta jarduera garatu dira, eta, haiei esker, 45 ekimen ekintzaile identifikatu eta babestu dira: haietatik 21 merkatuan diharduten enpresa berriak dira gaur egun.
2025ean, balio-proposamenaren inguruko gogoeta-prozesu bat egin zuen Sportek Hubek; hala, bazkide sustatzaile guztiek adosturiko gobernantza-eredu berri bat definitu zen. Horren emaitza gisa, fokua bereziki emakumezkoen SportsTechean duen kirol-berrikuntzako lehen berrikuntza-zentroa da Sportek Hub. Hala, Sportek Hubek eremu hauetan dihardu: emakumeei aplikatutako SportsTecha, material berriak, jasangarritasuna, kudeaketa-ereduak, kirol digitala, osasuna, ongizatea, jarduera fisikoa eta kiroletarako espazio adimendunak.
Apustu estrategikoa
Jon Insausti, Donostiako alkatea adierazi duenez, “lankidetza estrategikoa da Donostiarentzat. Izan ere, metro gutxian ikerketa, osasuna eta kirola bateratzen dituen hiri-barruti bat du, zentro teknologikoen sare garatu batek, biozientzietako sail aitzindari batek, pronoterapiako zentro bat izango duen osasun-hiri batek eta kirol-hiri batek osatua. Kirol-berrikuntzaren alde lan egiteak zentzua du biztanleen % 70ek kirola erregularki egiten duten eta I+G+Bko inbertsioa % 3,7koa den hiri batean. Gainera, erabat sinesten dugu aliantzetan, eta lankidetza honek donostiarrentzat emaitza positiboak ekarriko dituela uste dugu”.
Protokoloa sinatuta, akordio bat formalizatzeaz gainera, etorkizuneko kirol-industria eraikitzen batera lan egiteko ikuspegi partekatu bat eta aliantza bat berretsi dira. Testuinguru horretan, kirolaren sektorearen erronka handiei erantzuteko, beharrezkoak da eragileen arteko lankidetza, bai eta eta ahalmenak, ezagutza, talentua eta esperientzia batzea ere.