Udalak bi proiektu esleitu ditu belaunaldi ezberdinetako donostiarren bizi-kalitatea hobetzeko
2,15 milioi euro inguru bideratuko ditu Erdialde zahar etxearen birgaitze integralerako eta Ategorrietako eskola-ingurunea eta bide-segurtasuna hobetzeko
2026/07/21 argitaratua
Tokiko Gobernu Batzarrak bi proiektu esleitzea onartu du gaur, donostiar belaunaldi ezberdinei mesede egingo dietenak eta helburu bera dutenak: herritarren bizi-kalitatea hobetzea, espazio seguruagoak, irisgarriagoak eta egungo beharretara egokituak eskainiz.
Jon Insausti alkateak azpimarratu du bi eskuhartzeek hiriaren ikuspegi berari erantzuten diotela: "Donostia atseginagoa, seguruagoa eta inklusiboagoa eraikitzen jarraitzen dugu, bizitzako etapa guztietan pertsonek dituzten beharretan pentsatuz".
- Alde batetik, Erdialde zahar etxearen birgaitze integralerako proiektua esleitu da, hiriko erabiltzaile gehien dituen adinekoentzako zentroa.
- Bestetik, Ategorrietako Galtzada Zaharreko eskola ingurunea eta segurtasun puntu kritiko bat hobetzea esleitu da, bereziki haurren eta familien eguneroko joan-etorriak babestera bideratutako jarduketa.
Hori guztia 2.148.095 euroko inbertsioarekin egingo da.
Erdialde zahar etxearen birgaitze integrala
Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du ORMAK CONSTRUCCIÓN, SL enpresari esleitzea Erdialde zahar etxea birgaitzeko proiektua,
- 1.993.408 euroko aurrekontuarekin
- eta 12 hilabeteko egikaritze epearekin.
Jarduketa horri esker,
- irisgarritasun unibertsaleko arazoak konponduko dira,
- larrialdietan ebakuazio-baldintzak hobetuko dira,
- barruko espazioak berrantolatuko dira funtzionalagoak eta malguagoak izan daitezen,
- eta eraikin osoa indarreko araudi teknikora egokituko da.
- Era berean, eskuhartzeak azalera erabilgarria handitzea aurreikusten du, aldamenean dagoen lokala gehituz.
Birgaitze horren bidez, Udalak zahartze aktiboarekin duen konpromisoa indartzen du, bai eta adinekoentzako topagune seguru, irisgarri eta kalitatezkoak sortzeko konpromisoa ere.
Eskola-ingurune seguruagoa Ategorrietan
Tokiko Gobernu Batzarrak EXCAVACIONES Y TRANSPORTES ORSA, SL enpresari Ategorrietako Galtzada Zaharreko eskola ingurunea eta segurtasun puntu kritiko bat hobetzeko proiektua esleitzea ere onartu du,
- 154.687 euroko inbertsioarekin
- eta hiru hilabeteko egikaritzeepearekin.
Proiektuak aurreikusten du:
- espaloia handitzea oinezkoen segurtasuna hobetzeko,
- bidegorriaren ibilbidea berrantolatzea,
- trafikoa lasaitzea 20 kilometro orduko gehieneko abiadura murriztuz
- eta abiadura murrizteko elementu berriak instalatzea, bai eta argiteria publikoa hobetzea ere.
Neurri horiei esker, ingurune seguruagoa sortuko da ikasleentzat, familientzat eta inguru horretan egunero ibiltzen diren pertsona guztientzat, eta, gainera, eremu publikoan segurtasun-pertzepzioa indartuko da.
Adin guztientzako hiria
Bi proiektu horiek gauzatuta, Udalak haurrei zein adinekoei zuzendutako jarduerak bultzatzen ditu, udal-politiketan lehentasuna duten bi kolektibo baitira. Oro har, inbertsioei esker, irisgarriagoa, seguruagoa eta kohesionatuagoa izango den hiri baterantz aurrera egin ahal izango da, donostiarrek eguneroko bizitzan parte hartzen duten eguneroko espazioak hobetuz.