Ondarretako horma eta hondartzara sartzeko eskailera berreraikitzeko lanak amaitu dira

Azaroko denboralearen ostean hasitako lanak amaitu ditu Udalak, 2,5 milioi euroko inbertsioarekin

2026/06/01 argitaratua

​​​​​Udalak Ondarretako horma eta hondartzara sartzeko eskailera berreraikitzeko lanak amaitu ditu. Konplexutasun tekniko handiko jarduera izan da, eta, horri esker, hiriak erabat berreskuratu ahal izango du 2025eko azaroaren 7an izandako denborale handiak kaltetutako itsasertzeko zati hori.

Azaroko denboraleak egiturazko kalte handiak eragin zituen hiriko itsas fronteko puntu horretan. Ageriko kalteez gain, denboraleak murruaren atzean zegoen harearen zati handi bat eraman zuen, itsas pasealekuari eusten dion harlauza agerian utziz eta azpiegitura zaharraren hauskortasuna agerian utziz.

Esku-hartze integrala

Egoera horren aurrean, Udalak berehala aktibatu zuen esku-hartze integrala, eragindako kalteak konpontzeko ez ezik, itsasertzeko azpiegitura osoaren erresistentzia eta iraunkortasuna hobetzeko ere.

Jarduketak 2,5 milioi euroko inbertsioa izan du, gutxi gorabehera, eta horri esker, pasealekua eta kostako horma berreskuratu ahal izan dira, Ondarretako jatorrizko irudia eta estetika errespetatuz, Donostiako itsasertzeko gunerik enblematikoenetako eta erabilienetako bat baita.

Irisgarritasun eta segurtasun arloan hobekuntzak egiteko ere balio izan du obrak. Hondartzara sartzeko eskailera berriak tarteko eskailera-buru bat izango du, egungo araudira egokituta, erabiltzaile guztientzako joan-etorri erosoagoa eta seguruagoa errazteko.

Halaber, mailadiaren behealdean beste maila txiki batzuk ere egin dira, eta marea biziek harea-kota nabarmen jaitsarazten dutenean baino ez dira ikusiko. Soluzio honekin, aurreko urteetan zimenduak agerian geratzen zirenean gertatzen ziren bat-bateko desnibelak eta erorketak saihestu nahi dira.