Okendotegi uholdeetatik babesteko obrak egiteko hitzarmena
Udalak etaURAk sinatu dute, eta 2.212.663 euroko jarduketak Urumea ibaiak Martutenen dituen ur-goraldiei aurre egiteko defentsari jarraipena emango dio
2026/07/15 argitaratua
Eusko Jaurlaritzak, URA - Uraren Euskal Agentziaren bidez, eta Donostiako Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Okendotegi auzoan Errekabeltza errekaren egokitzapen hidraulikoa egiteko. 2,2 milioi euroko jarduketari esker, auzoak urte luzez pairatu dituen uholde errepikarien arriskua nabarmen murriztuko da.
Sinadura horrekin, bi administrazioek ezinbesteko urratsa eman dute auzotarrek luzaro eskatutako obrak lizitatu eta egiteko, zonaldeak uholde errepikariak jasaten dituelako.
URAren eta Udalaren arteko lankidetza arautzen duen hitzarmena
Hitzarmenak lankidetza-esparrua zehaztea du xede, "Okendotegi auzoan Errekabeltza errekastoaren egokitzapen hidraulikoa eta uholdeen aurkako defentsa egiteko proiektua" gauzatzeko.
- Hitzarmenaren arabera, URAk sustatuko eta finantzatuko ditu obrak, 2,2 milioi euroko inbertsioarekin.
- Donostiako Udalak, berriz, beharrezko lurrak eskuragarri jarriko ditu eta amaitutako urbanizazio-obren mantentzea bere gain hartuko du.
Arazo historiko bat konpontzeko funtsezko esku-hartzea
URAk behin betiko onartutako proiektuak 2,21 milioi euroko aurrekontua du guztira, eta bere helburua da Errekabeltza errekastoaren hustutze ahalmena handitzea, gaur egun zati batean sekzio nahikorik ez duen hormigoizko ubide itxi batean zehar baitoa.
Jarduketaren helburua Errekabeltza errekaren hustutze-gaitasuna handitzea da.
Horretarako,
- gaur egun estua den ibilgua handituko da,
- pasabide berriak eraikiko dira,
- inguruko bideak egokituko dira
- eta ingurunea lehengoratuko da.
Obren eremuak 300 metro hartzen ditu, A ‑ 15eko zubibidearen eta Madril – Irun trenbide-pasabidearen artean. Metro horiek 100 urteko errepikatze-denborako uraldiei erantzuteko diseinatu dira.
Urumea ibaiaren uholdeetatik babesteko obren jarraipen naturala Martutenen
Okendotegiko jarduketa URAk Martutenen azken hamarkadan egin duen 33 milioi euroko eraldaketa hidraulikoaren osagarri zuzena da. 10 urteko lanen e ondoren, Urumearen ibilgua 1.350 metrotan zehar egokitu zen osorik, eta ibaiaren zabalera handitu egin zen, 500 urterainoko errepikatze denborako ur-goraldiei ibilguan eusteko. Helburua historikoki kaltetutako auzo bat babestea izan zen, ibaiko estugune nagusietako bat kenduz.
Lanak amaituta, Errekabeltza errekak —Okendotegi zeharkatzen duen Urumearen adarrak— ezin zuen behar bezala hustu Urumea ibaia harrotuta jariatzen zuenean. Auzoa oso kota baxuan dago, eta errekaren egungo sekzioa ez da nahikoa: urez betetzen baita, bai berezko ur-goraldiengatik, bai Urumearen goraldien emariaren itzuleragatik.
Orain, Errekabeltzako ibilgua handituko da, husteko ahalmena hobetuko da, eta Okendotegi auzoko arriskua ere nabarmen murriztuko da.
Okendotegi babesteko bultzada erabakigarria
Obrak amaitzean, Okendotegik historian lehen aldiz izango du Errekabeltza errekaren ur-goraldiei eta Urumearen atzera-eraginei aurre egiteko beharrezko babesa. Horrek auzoaren segurtasuna, bizi-kalitatea eta etorkizuneko erresilientzia nabarmen indartuko ditu