Mintzalaguna egitasmoan izena emateko epea zabalik
Urriaren 18ra arte Bagerako webgunearen bitartez
2026/09/28 argitaratua
Mintzapraktika egitasmoaren helburua euskaraz aritzeko guneak eskaintzea da. Mintzalagunaren funtzionamendua oso sinplea da: euskara praktikatu nahi duen lagun talde bat haiekin astean ordu betez euskaraz aritzeko prest dagoen pertsona batekin elkartzen da.
Bada mintzapraktika kafetegi batean, kafe baten bueltan egiten jarraitu nahi duenik, baina zergatik ez uztartu mintzapraktika beste zaletasun batzuekin? Izan ere, euskara praktikatzeko ez dugu gure gogoa besterik behar, baina aldi berean, beste edozein osagarrirekin lagun dezakegu: Donostian ibilaldiak eginez, mendi buelta bat emanez, guraso direnekin elkartuz, antzerkira joanez, korrika eginez, bizikletan ibiliz, mahai jolasetan arituz…
Mintzalagunean euskara praktikatu nahi dutenek, gutxienez B.1 maila gaindituta izan behar dute eta taldeko laguntzaile izateko nahikoa da, euskaraz aritzeko ohitura izatea, ez da titulurik behar eta norberaren hizkera nahiko da.
Indartsu eta gogotsu jarraitzen du Bagera elkartearen Mintzalaguna egitasmoak eta ikasturte berri bati ekingo diote ehunka lagunek Donostian 'Eman aukera elkarri' lelopean hizkuntzaren praktika eta zaletasunak uztartuz.
Erabileraren mesedetan
Euskararen erabileran jauzi bat egin behar dugun momentu honetan, oso azpimarragarria da Mintzalagunak alor honetan egiten duen ekarpena.Taupa euskaltzaleen mugimenduak, Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten gainerako bazkideekin batera, euskalduntzearen erritmoa bikoizteko erronka bota zuen, erabilera % 15,3tik % 20ra pasatuz. Horretarako egitasmo gakoa da Mintzapraktika.
Segurtasuna irabaziz, beldurrak uxatzen laguntzen die pertsona askori, poliki- poliki bere egunerokotasunean euskara erabiltzera animatuz. Euskal hiztun berriak mingaina dantzan jartzera laguntzen ditu, ezagutza eta erabileraren arteko jauzi hori era progresiboan eta segurtasunez ematen lagunduz.
Kerman Orbegozo Pertsonak, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketa eta Euskarako zinegotziak Udalak Bagerari proiektu hau aurrera eramateko eman dion babes ekonomikoa azpimarratu nahi izan du. “Donostiako Udalak egindako ekarpenari esker, urritik ekainera bitartean Mintzalagunean euskara praktikatu nahi dutenek prezio sinbolikoa ordaindu behar dute: 30 euro besterik ez. Euskara ikasteko diru-laguntzak eskaintzeaz gain, Udaleko Euskara Zerbitzuak euskara praktikatzeko baliabideak ere jartzen ditu erabiltzaileen eskura”.
Euskararen aldeko aktibismoa
Mintzalagunean dabiltzan laguntzaileek ekarpen oso garrantzitsua egiten diote euskararen biziberritze prozesuari. Benetako aktibista linguistikoak dira eta musutruk, modu boluntarioan eta bere onena emanaz egiten dute ekarpen hau, behar beharrezkoa dira erabileran aurrerapausoak ematen jarraitzeko.
Mintzalaguna programan aritzeko Bageraren egoitzan (Hernani kalea 15, behean) eman daiteke izena. (urriaren 16ra arte bulegoan, urriaren 18ra arte on line).