Donostiak miniestadio berritua estreinatu du
Azken belaunaldiko pista bat, entrenamendu-esparru gehiago eta nazioko eta nazioarteko lehiaketetarako ekipamendu homologatuak gaineratu zaizkio instalazioari
2026/06/30 argitaratua
Anoetako miniestadioak ateak ireki ditu, berrikuntza integraleko prozesu bat amaitu eta gero. Inbertsioa, lehen esan bezala, ia sei milioi eurokoa izan da azkenean. Urtebete inguru obretan igaro ondoren, atletek eta Donostia Kirolaren erabiltzaileek berriro baliatu dezakete instalazioa. Azpimarratu behar dugu Estatuko atletismoaren erreferenteen artean dagoela, eskaintzen dituen prestazioak direla-eta.
Birmoldaketari esker, azken belaunaldiko pista bat jarri da barrutian; zoladura sintetiko urdinezkoa, Mondok hornitua. Pista berriak World Athleticsek homologatutako zoladura du, eta nazioarteko errendimendu handiko zentro eta estadioetan erabiltzen da. Maila goreneko lehiaketetan eskatzen direnen antzeko prestazioak ditu.
Egindako beste lan batzuen artean, hauek dira aipagarrienak: belar naturaleko zelaia erabat berritzea –sakoneko sustraitze-sistema bat du–, bai eta estalki berri bat eraikitzea, biltegiratzeko lekuak zabaltzea eta gimnasioak hartzen duen eremua handitzea ere.
Gimnasio eta harmaila berriak
Eraberritzeari esker, 285 m² inguruko gimnasio berritu bat sortu da, prestakuntza fisikorako eta kirol-errendimendurako pentsatua. Esparruak pisu libreko eremu zabal bat du, honako tresna hauek dituena: rack eta Smith makinak, indar-lanerako ekipamendu espezifikoa, berotzera eta berregokitzera bideratutako kardio-makinak, entrenamendu funtzionalerako eremu bat eta bultzatze eta arrastatze ariketetarako lera-errei bat. Hala, nabarmen handitu dira atletek eta erabiltzaileek entrenatzeko zituzten aukerak.
Bestalde, harmailek 1.200 ikusle baino gehixeago har ditzakete orain, eta mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako lekuak daude. Behar izanez gero, instalazioak bere edukiera handitu ahal izango du, kanpoko eraztunean aldi baterako kokatutako moduluen bidez eta horretarako prestatuko diren beste eremu batzuen bidez.
Beste hobekuntza batzuk
Kirol eta teknologia ekipamenduak ere modernizatu egin dira. Miniestadioak honako hauek izango ditu, besteak beste: bideo-markagailu bat, foto-finish sistema berri bat, RACekin konektatutako sei komunikazio-dorre, ekipamendu berritua gimnasiorako, jaurtigaiak eta jaurtiketa-kaiola berria beste kokaleku batean, hogeita hamar lasterketa-tako, ehun hesi automatiko, saltometroak, koltxonetak, zeharkako neurketa-sistemak, anemometro ultrasoniko bat eta arraste-lera elektroniko bat.
Instalazioa martxan badago ere, oraindik lan txiki batzuk egiteko daude, hala nola seinaleak jartzea, gimnasioko pisu libreko eremuko zoladura amaitzea, lera behin betiko instalatzea gune honetan… Falta diren lan eta elementu guztiak datozen asteetan osatuko dira.
Bestalde, kanpoko eraztunean dagoen belar artifizialeko pista berritu egingo da, egungo luminariak LED teknologiarekin ordezkatzen amaitu eta gero. Lan hori kudeaketa energetikoko kontratuari lotuta dago (gaur egun lizitazio-prozesuan). Alde horretan garabiak sartu behar direnez, hango zoladuraren berrikuntza atzeratu egin da; argien aldaketa osatzen denean ekingo zaie lan horiei.
Aurreikuspenen arabera, bi esku-hartzeak 2026a amaitu baino lehen amaituko dira.